argia.eus
INPRIMATU
Bikote lapurtar batek ia hilabete darama Mexikon desagerturik
  • Chiapasen zeudela izan zuten azkenekoz Michel Amado eta Assya Madjour-en berri beren senideek. Desagerturik daudela jakinarazi eta herritarren laguntza eskatu dute bilaketarako.

Lide Iraola 2022ko urriaren 07a
Michel Amado eta Assya Madjour desagerturik daudela salatu dute beren senideek.

Bi lapurtar desagerturik daude duela ia hilabetez geroztik. Hainbat hedabidek eman dute horren berri, eta Frantziaren Mexikoko enbaxadak asteazkenean baieztatu du informazioa. Michel Amado eta Assya Madjour dira desagertutako bikotea, Donibane Lohizunekoa bata eta Ziburukoa bestea. Irailaren 12koak dira haien azken berriak, eta Mexikoko Chiapas hego-ekialdeko estatuan ziren orduan.

Frantziaren enbaxadak ziurtatu du baliabideak martxan direla ahalik eta azkarren aurkitzeko, eta haien familiekin “kontaktu estuan” direla.

Gertatutakoaren inguruan ez dago informazio argirik; Reforma hedabideak jakinarazi du San Cristobal de Las Casaseko zentro espiritual batean ikusi zituztela azkenekoz. Egunkari berak argitaratu du senideek bilaketarako laguntza eskatu dutela Interneten, Chiapasko turismoari zuzendutako hainbat forotan.

Mexikon 106.000 pertsona baino gehiago daude desagerturik 1964. urtetik, datu ofizialen arabera. Horien gehiengoa 2006tik aurrera gertatu dira, orduko presidente Felipe Calderonek narkotrafikoaren aurkako gerra deklaratu zuenetik.