Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarri nahi dituen erreformen aurkako mobilizazioetan atxilotu ditu bi gazteak Foruzaingoak.
Atxilotuetako bat odoletan dagoela eta beste gazte bat identifikatu dutela jakinarazi dute NUPeko Ikasle Abertzaleek.
LABek, Izquierda-Ezkerrak eta EH Bilduk salatu egin dute Foruzaingoaren partehartzea eta Errektoretzatik poliziari Campusean sartzeko baimena ematea. Protesta baketsua zela adierazi dute aipatu indarrek, ikasleen helburua NUPeko Gobernu Kontseiluari beren proposamenaren berri ematea besterik ez zela eta horren aurrean foru poliziaren parte hartzea neurriz kanpokoa izan dela.
NUPeko Errektoretzak agiri batez jakinarazi duenez, bestalde, ikasleek egoki ikusten dituzten aldarrikapenak egiteko eskubidea dute, baina ez unibertsitateko ohiko jarduera instituzionala trabatuz. Agirian esaten denez, ostegun goizean "50 bat ikaslek Gobernu Kontseiluko kideei sarrera oztopatu diete eta hitzezko biolentzia erabili dute Alfonso Carlosena errektorearen aurka".
Errektoretzak Ekonomia eta Ingeniaritza fakultateetan gauzatu nahi dituen erreformen aurka ari dira protestan ikasleak. Besteak beste, sei hilabeteko irakasgaiak urte beteko irakasgai bihurtu nahi ditu erreformak. Alegia, aurretik bi irakasgai zirenak bakarrean bilduko dituzte eta, ondorioz, eduki gehiago izango da ebaluaketarako.
Halaber, irakasgai bat gainditzen ez duenean, ikasleak, hurrengo ikasturteko matrikulazioa egitean, derrigor hartu beharko du irakasgai hori. Ezin izango du aurreragorako utzi.
Informazio gehiago:
UPNk salatu egin du ehun ikaslek Gobernu Kontseilua oztopatu izana.