Asteazkenean gertatu zen erasoa eta ostiralean atxilotu zituen Ertzaintzak 22 eta 23 urteko ustezko erasotzaileak. Taser pistola batekin mehatxatu zutela salatu du emakumeak.
Erasoa emakumearen etxean jazo zen. Hedabideek jaso dutenez sexu langilea da emakumea. Zerbitzua kontratatu nahi zuen gizon batek deitu zion, eta hitzordurik zehaztu ez bazuten ere gizona bere etxean agertu zen. Barrura sartu eta taser pistola elektriko batekin mehatxatu zuen emakumea, bortxatu eta etxean zituen dirua eta bitxiak lapurtzeko. Ondoren bigarren gizona sarrarazi zuen, eta horrek etxe guztia miatu zuen baliozko gauza gehiagoren bila. Asteazkenean bertan azaldu zen emakumea Ertzaintzaren aurrean salaketa jartzera, eta poliziek ospitalera eraman zuten ostean.
Ostiralean atxilotu zituen Ertzaintzak ustezko bi erasotzaileak beren etxean, askatasun sexualen aurkako delitua eta beldurra eraginez buruturiko lapurreta egotzita.