argia.eus
INPRIMATU
Bi gezur eta egia handi bat

Santi Angulo Martin 2020ko irailaren 21a

Horixe da Emakume Master Cup delakoak esaten diguna.

Lehen gezurra: “Master” jarri arren emakumeak dira txapelketa honetan aritzen direnak; “master” hitza gizonezkoei dagokie eta gizonezkoek soilik jokatzen edota jarduten zuten garaia gogorarazten digu. Egun “master” hitzaren esanahia zabaldu bada ere, ez dut ulertzen zergatik erabiltzen den emakumeekin, beste hitzik ez balego bezala, izan ere, euskaraz ondo legoke “nagusia”.

"Ingelesa erabiltzen bada ekimen bati ospe edo izen handiagoa ematearren, aldi berean euskarak ez duela osperik edo izenik merezi, ez duela ezertarako balio esaten ari dira"

Bigarren gezurra: “Master Cup” jarri arren, parte hartzaileak ez dira ez ingelesak, ez yankiak, ez anglosaxoiak ere. Ez nago ziur, baina ia denak Euskal Herrikoak dira, eta gehienak euskaldunak. Ikusleak ere ez dira Ingalaterratik, Estatu Batuetatik edota munduko beste leku batetik txapelketa hau ikustera etorriko. Ikusle gehienak bertakoak izango dira, eta asko eta asko euskaldunak. Areago, hemen irabazleei txapela jartzen zaie, beraz, askoz egokiagoa litzateke “txapelketa” erabiltzea.

Egia handi bat: Ekimen baten izenean, errotulu batean, titulu batean edo denda bateko leihoan zerbait ingelesez ikusten dugunean, eta euskaraz ez dugunean ikusten, argi dago euskarari espazioa kentzen diola (euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzeaz gain). Ez naiz espazio fisikoaz soilik ari, espazio psikologikoaz ere bai. Kasu honetan (eta besteetan) ingelesa erabiltzen bada, ekimen bati ospe edo izen handiagoa ematearren, aldi berean euskarak ez duela osperik edo izenik merezi, ez duela ezertarako balio esaten ari dira.

Laster, Euskaraldia iritsiko da eta orduan egun gutxitan milaka lagunek ahobizi eta belarriprest izateko konpromisoa hartuta agertuko dira. Ez legoke gaizki gure erakundeek eta elkarteek mota guztietako ekimenak euskaraz izendatzeko konpromisoa hartuko balute, ez egun horietan soilik ikusi eta entzuteko, betirako euskalduntzeko eta mundu osoan zabaltzeko, herrialde aske guztiek bere hizkuntzaz jokatzen duten bezala. Ea datorren urtean Emakume Txapelketa Nagusia ikusteko aukera dugun.