argia.eus
INPRIMATU
24 ordutan bigarren garraiolaria hil da Araban, “sektoreko prekaritatearen ondorioz”
  • Astelehen goizean 39 urteko garraiolari bat hil da kamioia iraulita, eta astearte goizaldean bestea, Erriberabeitia parean kamioia errepidetik atera eta amilduta. Hiru garraiolarien sindikatuak eta LABek eta ELAk lan-istripuak salatu dituzte, eta sektoreko prekaritatearekin lotu dituzte heriotzak. Bestalde, Legution 68 urteko txirrindulari bat hil da astelehen eguerdian, furgoneta batek harrapatuta.

ARGIA @argia 2023ko apirilaren 18a
Zanbrana parean hil da garraiolari bat, kamioia iraulita. Argazkia: Hiru sindikatua.

Arabako errepideetan hiru gizonezko hil dira 24 ordu eskasean, bi lan-istripuetan eta bestea txirrindulari istripuan. 68 urteko txirrindularia Legution hil da, furgoneta batek harrapatuta. ELA sindikatuak elkarretaratzea deitu du asteazkenerako, Gasteizen, bi garraiolarien heriotzak salatzeko. Sindikatuen arabera, aurten sei langile hil dira Araban, eta Hego Euskal Herrian gutxienez 17 behargin hil dira lan istripuetan azken lau hilabeteetan.

Astelehenean 07:00ak aldera hil da lehen garraiolaria, AP-68 autobidean, Zanbrana parean. 39 urte zituen gizonak, eta kamioia irauli eta kabinan harrapatuta hil da; erreskate zerbitzuek baieztatu dute heriotza. Bigarren garraiolariak asteartean goizaldeko 02:00 aldera izan du lan-istripua, AP-1 errepidean, Erriberabeitia parean. Errepidetik atera da ibilgailua eta amildegitik erori; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du argitzeke daudela istripuaren arrazoiak. Ikerketa ireki dute ezbeharra argitzeko.

Garraiolarien prekaritatearen ondorioak

Hiru garraiolarien sindikatuak salatu du sektorean bizi duten prekaritatea dela lan-istripuen erantzulea: “Agerian da garraiolarien lan-baldintza txarrek ondorio lazgarriak dituztela. Enpresek eragindako presak zein presioek, eta sektoreko lan-baldintza kaxkarrek ondorio latzak dituzte”. Administrazio Publikoari aurpegiratu diote horren aurrean neurririk ez hartzea. “Administrazioak ezkutatu egiten ditu lan-istripu horiek, eta ez ditu estatistika ofizialetan kontutan hartzen, trafiko-istripu edo heriotza natural gisa baizik”.

LAB eta ELA sindikatuek ere garraio sektoreko lan-baldintzak salatu dituzte, eta heriotzak prebentzio neurriak ez hartzearen ondorio direla kritikatu. LABek erantzukizunak eskatu dizkie erakunde publiko eta pribatuei: “Garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz saihets daitezke, eta borondate politikoa baino ez da behar garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere”.

ELAk gogorarazi du istripuak ez direla kasualitateak eta salatu du patronalaren “helburu bakarra” etekinak lortzea dela, Administrazioa “patronalaren konplizea” dela, eta horrek “eragin zuzena eta negatiboa” duela sektoreko langileen segurtasunean eta osasunean.