argia.eus
INPRIMATU
Pepe Mujica eta Lucia Topolansky
“Bi euskaldunek Peperi eta Lucíari poema bana xuxurlatu nahi diete”
Garazi Basterretxea @kilimarkilimar 2025eko maiatzaren 20a
https://mpp.org.uy

2015eko urtarriletik maiatzera bitartean, 25 urterekin ikasketak amaitu ondoren, Irati Astobieta laguna eta biok Txilen, Argentinan eta Uruguain zehar ibili ginen Kalabazan Ibiltaria proiektuaren barruan. Poesia xuxurlatua tresna poetikoa baliatuz euskal poemak ahotik belarrira oparitzen genituen kaleetan, kartoizko tutu banaren bidez.

Horrela heldu ginen Montevideoko La Quadra kulturgunera. Tailer batzuk eman genituen han, gau batzuetako lo-lekuaren truke. Lehen gauean, kalean garagardo batzuk hartzen ari ginela, txantxa artean sortu zen proposamena. La Quadrako kide batek kontatu zigun Pepe Mujica eta Lucia Topolansky tupamaro ohiekin harremana zutela, alderdiko militanteak zirelako. Bikoteari buruzko hainbat istorio eta anekdota partekatu zizkiguten. “Zoragarria litzateke eurei poema bat xuxurlatu ahal izatea”, amestu genuen. “Saiatu nahi duzue? Orain berarekin lan egiten du lagun batek. Nahi baduzue, deitu eta galdetuko diot”, erantzun zigun kideak. “Bale”, esan genuen, ez Iratik ez nik erantzunik jasoko genuenik uste ez arren. Jarraian hots egin zion: “Bi lagun euskaldunek Peperi eta Lucíari poema bana xuxurlatu nahi diete”. Ez dakigu zer pentsatuko zuen lagunak. Hala ere, handik gutxira telefonoa jo zuen, eta entzun genuen: “El viejo ha dicho que vengan” (zaharrak esan du etor daitezela)

Maiatzaren 1ean jarri ziguten hitzordua Mujicak eta Topolanskyk, euren chacra alboan. Langileen egunaren harira ekitaldi politikoa zuten alderdiarekin eta, ondoren, bikotearen auzokide batek utzi ohi zien El Quincho de Varela etxean bazkalduko zuten guztiek.

Joseba Sarrionandiaren hitzak xuxurlatu genizkien, lehenengo batari eta gero besteari

Montevideoko erdigunean autoa hartu eta 20 minututan Rincón del Cerro landagunera heldu ginen. Isiltasunak egin zigun ongi etorria, aurrean landa zabala eta etxe gutxi batzuk. Pixka bat ibili eta gero pertsona multzoa agertu zitzaigun, etxe baten kanpoaldean; haien artean Mujica eta Topolansky, besarkada batean bilduta. Gure laguna haiengana hurbildu eta “poema bat xuxurlatu nahi zieten euskaldunak” ginela esan zien. Gugana etorri ziren zuzenean, eta besarkatu gintuzten. Ez naiz gogoratzen zer esan ziguten, bai, ordea, Mujicak zain zituen alderdikide eta lagunei apur batean itxaroteko eskatu ziela, euskaldun batzuk etorri zirela opari bat ematera eta kasu egin nahi zigula. Lucia isilik zegoen, irribarretsu. “Mahaira lagunduko diguzue? Nekatuta gaude, zaharrak gara”, esan ziguten.

Argazkia: Garazi Basterretxea
Argazkia: Garazi Basterretxea

Mujicak eta Topolanskyk bidea zabaldu ziguten harrituta begiratzen zigun jendearen artean. 25 urteko bi gazte ginen, koloretako tutu bana eskuan, bikoteari segika, gertatzen ari zena sinetsi ezinik. Ez nuke jakingo bikote hark zelan begiratzen zigun deskribatzeko hitzak aurkitzen: errespetua, jakin-mina, zetorrena jasotzeko jarrera ona, apaltasuna, ilusioa, hurbiltasuna… Horien guztien nahasketa sumatzen nien begietan, hori sentiarazi ziguten behintzat.

Joseba Sarrionandiaren hitzak xuxurlatu genizkien, lehenengo batari eta gero besteari. Lehenik euskaraz eta ondoren gaztelaniazko itzulpena. Inguruan zegoen jende guztia isilik geratu zen, gertatzen ari zena ulertu ezinik, baina ulertuz zerbait gertatzen ari zela eta gertatzen ari zen horrek isiltasuna eskatzen zuela.

Mujicak aurrera begiratzen zuen, serio. “Mundu guztia da gure gure herria gurea bada”, errepikatu zuen behin eta berriz: “Herria, herria, herria. Garrantzitsuena”. Topolansky askatasunaz mintzatzen hasi zitzaigun

Ondoren hitz egin genuenaz ere ez naiz ondo gogoratzen. Mujicak aurrera begiratzen zuen, serio. “Mundu guztia da gure gure herria gurea bada”, errepikatu zuen behin eta berriz: “Herria, herria, herria. Garrantzitsuena”. Topolansky askatasunaz mintzatzen hasi zitzaigula oroitzen dut, maitasunaren eta askatasunaren arteko harremanaz. Begiak dirdirka kontatu zigun handik egun batzuetara Euskal Herrira etorriko zirela eta asko eskertzen zuela gure herritik zetozen poema haien oparia. Berriro besarkatu eta kotxera alde egin genuen, gertatu berri zenaz harrituta, besarkada haien epeltasuna gorputzean. Zenbat gauza kabituko ziren bi gorputz txiki haietan? Zenbat historia eta istorio egongo ziren idatzita zimur horien tolesduretan?

Atzo, lanetik bueltan metroan nengoela, mugikorreko pantailan iltzatu zitzaizkidan begiak. Mujicaren gorpua Montevideotik zehar garraiatuko zuen ibilbidea hasi aurreko irudiak erakutsi zizkidan Instagrameko algoritmoak. Ez naiz oso banderazalea, baina malkotan lehertu nintzen Topolansky ikusi nuenean Uruguayko banderarekin suabe-suabe senarraren hilkutxa estaltzen, alkandora ondo jartzen zion bezala, eser zedin aulkia prestatzen zion bezala. Zelan esaten zaio agur 40 urte luzez alboan izandako kideari? Zelan esaten zaio agur maite duzunari? Ikasi al daiteke? Eta oilo-ipurdia jarri zidaten ondoren ikusi nituen irudiek. Herria kalean: gorputzen uholdea malkotan urtuta. Herria negarrez, herria oihuka, herria bizirik. Herria, herria, herria. Garrantzitsuena.

Argazkia: Garazi Basterretxea