argia.eus
INPRIMATU
Estrasburgok Espainia kondenatu du bi euskal herritarren tortura salaketak ez ikertzeagatik
  • Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak Espainiako Estatua kondenatu du inkomunikazio aldian tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten bi euskal herritarren kasuan, salaketak ikertu ez zituelako.

ARGIA @argia 2014ko urriaren 07a
Torturen aurkako manifestazioa Donostian (artxiboko irudia).

Beatriz Etxebarria eta Oihan Unai Ataun dira torturak salatu zituztenak eta Espainiako estatuak “entzungor” egin ondoren, Estrasburgoko giza eskubideen auzitegira jo zuten.

Epaitegiak ebatzi du kalte moralengatik 20.000 euro ordaindu beharko dizkiola Oihan Atauni eta beste 4.000 euro epaiketa gastuengatik.

Beatriz Etxebarriaren kasuan 25.000 eurokoa izango da kalte moralengatik eman beharreko kalte ordaina eta beste 4.000koa gastuei dagokien partea. Guztira beraz, 24.000 eta 29.000 euro jasoko dituzte hurrenez hurren bi euskal herritarrek.

Ikertu gabeko tortura salaketak

Oihan Unai Ataun Iruñean jaio zen 1986. urtean eta 2008an atxilotu zuten ETA goraipatzea egotzita; lau egunez egon zen inkomunikatuta. Ataunek salatu zuenez, Espainiako Estatuak ez zituen hark jasandako tratu txarrak ikertu. 2012an Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion, 2009an Korrikan presoen argazkiak eraman zituela eta.

Beatriz Etxeberria berriz, joan den urteko abenduan atxilotu zuten ETAko kide izatea egotzita; egun Soto del Realeko (Madril) espetxean dago. Guardia Zibilaren eskuetan bakartuta egon zen bost egunetan tratu txarrak eta eraso sexistak jasan zituela salatu zuen.