Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.
Bi eta hiru urteko haurrak dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, Zurbaranbarri auzoan. Poliziak kalea goizean moztu badu ere, geroz eta auzokide gehiago hurbildu dira etxegabetzea oztopatzera. Goiz partean, Bilboko Instrukzio epaitegi batek AZET Etxebizitza Sindikatuak eta familiak aurkeztutako errekurtso bat onartu duenez, etxegabetzea une batez geldirik egon da, polizia-agenteez inguratuta. Idazkaritza judiziala heldu zain egon dira, eta, azkenean, 15:00ak baino lehentxeago, Ertzaintza indarrez hasi da ezkaratzera sartzen. Indarrez atera ditu erresistentzia egiten ari ziren pertsonak, eta etxegabetzea burutu. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako, Iturriondo plazatik abiatuta.
Etxegabetzea oztopatzeko asmoz, goizean eserialdia antolatu dute manifestariek Zurbaranbarriko etxearen aurrean. Poliziak eginiko mehatxuak direla eta, eserialdia bertan behera utzi behar izan dute, eta lekuz mugitu dira. AZETek bideo bat argitaratu zuen bere sare sozialetara larunbatean, bere haurrekin batera etxegabetu nahi duten emakumearen lekukotasunarekin, eta kaleratzea saihesteko deia eginez. Haren arabera, etxegabetzea saihesteko baliabide guztietara jo du familiak: gizarte zerbitzuetara, udal etxebizitzetara, gizarte ekintzetara, eta abar.
Emakumea indarkeria matxistaren biktima dela salatu dute
Emakumeak adierazi du entregatu beharreko dokumentazio guztia entregatu duela, kale egoeran zegoela jasan zuen sexu erasoa egiaztatzen duen froga barne. Bilboko Instrukzioko bosgarren epaitegiaren jarrera "oldarkorra" izan dela salatu dute AZETeko kideek. Emakumearen arabera, familiak auzoan daramatzan sei hilabetetan "guztiz integratu" dira, horren adierazle izanik hurrengo kurtsoan Zurbaranbarriko eskolan hastekotan direla bi haurrak.