Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarri dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari Uliazpi Fundazioko hizkuntz eskakizunei buruz martxoan ebatzitako epaiarengatik. Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak azpimarratu du gizartearen gehiengoa ados dagoela langile publikoek euskaraz hitz egiten jakitearekin.
Berriak informatu duenez, bi helegite jarri ditu diputazioak. Batetik, kasazio errekurtsoa aurkeztu du Epsainiako Auzitegi Gorenean, argudiatuta epaiak urratu egin duela Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutua. Bestetik, kasazio errekurtsoa aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian. Adierazi du epaiak urratu egiten dituela hautaketa prozesuetan "lanpostuei esleitutako hizkuntza eskakizunetara egokitzea arautzen duten aginduak".
Aldundiko bozeramaileak, Eider Mendozak, gogora ekarri du epai hori "erabat bidegabea dela euskaldunen eskubideen ikuspegitik", eta azpimarratu du konpromisoa hartu duela herritarrek eta Uliazpiko erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua "beren hizkuntza-aukera" errespetatuz egin dadin.
Mendozak azpimarratu du langile publikoek euskaraz hitz egiteak Gipuzkoako gizartearen gehiengoaren babesa duela. Hala, joan den astean argitaratutako udaberriko soziometroaren emaitzak aipatu ditu, eta inkestatutako pertsonek 10etik 7,67 puntuko adostasun-maila adierazi dute, Gipuzkoako administrazio publikoko langileek euskaraz jakin beharko luketela dioen baieztapenaren aurrean.