argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzea deitu dute Baionako bestetako sexu erasoak salatzeko, tartean bi bortxaketa
  • Amaitu berri diren Baionako bestetan hiru sexu erasoren berri izan dutela jakinarazi du hiriko prokuradoreak: bi bortxaketa eta ukituengatik hirugarren bat.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 03a

Milioi bat bisitaritik gora izan diren jai hauen "balorazio oso positiboa" egin du Udalak. "Aparteko ezustekorik gabe igaro dira", adierazi dutenez.

Baionako epaitegiko prokuradore Samuel Vuelta Simonek eman du sexu erasoen berri: Bi bortxaketa kasu eta ukituak salatu dituen hirugarren bat. Euskal Irratien albistean entzun daitezke Vuelta Simonen adierazpenak. Arrazoirik adierazi gabe, adierazi du bi bortxaketetako bat "ezin dela bortxaketa gisa kalifikatu". Ukitzeen kasuan emakumea oihuka hasi zenez, gizonak ihes egin zuela jakinarazi du.

Kazeta.eus-en Maite Ubiriak jaso duenez, "prokuradorea bi salaketa horiei indarra kentzen ahalegindu da, lehenik eta behin "bi kasuetan emazte horiek haien borondatez joan zirela ustezko gehiegikeria gertatu zen apartamentuetara" esanez. Salaketa horien bilakaera zein izanen den esatekorik ez bada ere, auzitegiek dutelako azkeneko hitza, prokuradoreak "delitua zantzu dagoenik" zalantzan eman du une oro".

Eraso sexisten kontrako elkarretaratzea antolatu dute ostegunean 18:30ean Baionako herriko etxean.