argia.eus
INPRIMATU
Bi bankari espetxeratu dituzte Islandian, iruzurragatik
  • Islandiako Justiziak bederatzina hilabeteko espetxe zigorra ezarri die Larus Welding Glitnir bankuko zuzendari nagusi ohiari eta Gudmundur Hjaltason zuzendari ohiari, zuhurtzia gabeko maileguak emateagatik. Epaileek ebatzi dutenez, bi bankarien ekintzek eragin zuten Glitnir bankuaren porrota 2008an, Independent egunkari irlandarrak jakinarazi duenez.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 02a
Landsbanki bankuaren logoa daraman bandera sutan (Argazkia: crisispictures)

Auzitegiak iruzur delitua leporatu die duela urtebete –Islandiak bizi zuen finantza-kolapsoaren inguruko ikerketaren baitan– inputatu zituen bi bankariei. Euren karguak oker baliatzeagatik zigortu ditu: 2008a baino lehen 102 milioi euroko mailegua eman zioten bi bankariek orduan Glitnir bankuko akzionista zen Milestone konpainiari, beharrezko bermerik gabe.

Bankari gehiago zigortu ditzakete

Islandiako Justiziaren arabera, Landsbanki, Kaubpthing eta Glitnir bankuetako agintariak dira herrialdea finantza-porrotera eraman zuen krisi ekonomikoaren erantzuleak. Glitnir erori zen lehendabizi, eta hura jotzen dute erantzule nagusitzat, baina oso litekeena da beste bankuetako zuzendariak ere kondenatzea.