argia.eus
INPRIMATU
‘Between Goodbyes’ dokumentalak irabazi du Zinegoak 2025eko sari nagusia
  • Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiak 2025eko edizioko sariak iragarri ditu. Between Goodbyes eta Alma del desierto dokumentalak izan dira palmaresaren irabazle nagusiak.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 01

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, 2025eko edizioko palmaresa aurkeztu zuen astelehenean. Jota Munen Between Goodbyes dokumentalak irabazi du Zinegoak Sari Nagusia. Pertsona adoptatu baten jatorrirako bidaia gogor eta sendagarri bat kontatzeko erabilitako "trebetasuna eta edertasuna" nabarmendu ditu epaimahaiak. Maike izeneko queer emakumearen istorioa kontatzen du, Koreatik datorrena eta Herbereheetan adoptatua izan zena. Dokumental horrek Lesbianismo eta Genero saria ere lortu du, Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestuta, "nazioarteko adopzioaren idealizazioa desmuntatzeagatik eta protagonistek aurrean dituzten ondorio emozionalak erakusteagatik". Ondokoa ere nabarmendu dute: "Pelikula honek erakusten digu baliabide ekonomiko gutxien dituzten emakumeak sistema kapitalista basatiaren eta Mendebaldeko gizarteen beharrak asetzeko erabili direla" kritikatzeagatik.

Sailetako sariak

Between Goodbyes izan da DOK kategoriako zinta irabazlea, baina Mónica Taboada Tapiaren Alma del desierto lanak aipamen berezia jaso du DOK kategorian: "Trans emakume baten borrokaren erretratu eder eta hunkigarria egiteagatik, sistemak aitortua izateko eta, horrela, bere oinarrizko eskubideak erabili ahal izateko. Nazio indigenek eta hizkuntza-komunitate minorizatuek pairatzen dituzten bazterketa-modu desberdinak azaleratzeagatik". Bizkaiko Foru Aldundiaren Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria ere lortu du. Euren aipamen berezia Solo Kim film laburrarentzat izan da, Javier Prieto de Paula eta Diego Herrero zuzendariena.

FIK kategorian, Rohan Parashuram Kanawaderen Sabar Bonda filmak irabazi du, "Indiako landa eremu ez exotikoan maitasun zaindua, atsegina, idilikoa eta erlaxatua irudikatzeagatik". KRAK sailean, Santiago Posadak zuzendutako Brigitte, Planeta B lanak irabazi du saria,"queer ekologiaren erreferente handia den Brigitte Baptiste zientzialari kolonbiar, ingurumen-lider eta trans ikonoaren profil konplexu eta intimoa eraikitzeagatik".

Publikoaren saria, Angel Morales Ballestaren Arrecife film laburrarentzat izan da, trans gazte baten eta bere amamaren arteko harremana jorratzen duelako. Epaimahai gazteak, Amélie Hardyren Hello Stranger filmari eman dio saria eta epaimahai seniorrak, berriz, Nuria Vil eta Alba Dominguezen Delincuente lanari, "bat egiten duelako aurtengo Zinegoakeko gaiarekin, eta militantzia aktiboa eta langileen borrokaren memoria historikoa lantzen duelako".

Euskal aktoreen batasuneko epaimahaiak Sandbag Dam pelikulako Lav Novosel aktoreari eman dio Fikziozko Film Luzeen Interpretazio Protagonista Onenaren saria, "bere berezkotasunagatik, freskotasunagatik, sentikortasunagatik eta bizitza etengabe transmititzeko moduagatik". ZG PROren saria, berriz, Daniel Grandesen Last Night I Heard my Laptop Breathing Through my Headphones proiektuarentzat izan da. Music Library ZG PRO saria Laura Gabayren Correspondencias para habitar el mundo lanarentzat izan da. SSIFF ZG PRO saria, berriz, Natalia Granderen Amame tus ojos lanarentzat izan da. Azkenik, ZiNaizen saria, EITBk babestua, Markel Zoraquiainentzat izan da, Merezco que me quieran lanagatik.