Armadoreak salatu zuen hamasei arrantzaletik hamabi matxinatu egin zirela, eta Guardia Zibilak artatu eta gero, Asturiasen egon da amarratuta. Asteazken goizaldean heldu da Getariako portura.
Euskal Herrian da dagoeneko Beti Aingeru Pasaiako ontzia, bidaia luzearen ostean. Larunbatean armadoreak abisua eman zuen hamasei arrantzaleko eskifaiatik, hamabi matxinatu egin zirela, hamabiak senegaldarrak, eta Asturiasko Guardia Zibilak jo zuen berengana. Armadoreak mehatxuak eta astinaldiak salatu zituen, eta porturatuta egon da itsasontzia asteazken goizaldera arte. Eskifaiako kideek ukatu egin dute matxinada, eta salatu dute armadoreak beraiek mehatxatzen zituela.
Eskifaiako kideek tratu txarrak salatu dituzte kapitainaren partetik. Azaldu dutenez, 26 egunez aritu ziren arrantzan Asturiasko uretan, “ziurgabetasun” handiarekin: salatu dute kapitainak “heriotza mehatxuak” egin zizkiela, eta “zaborra” ere bota ziela. Orduan erabaki zuten ez zutela lan gehiago egingo, baldintza horietan. Kapitainak “matxinada” deitu dio horri, baina langileek ukatu egin dute horrelakorik.
Asteazkenean heldu da ontzia Euskal Herrira, baina Asturiasen egindako geldialdiak piztu ditu alarmak. Larunbatean, Asturiasen lur hartu bezain laster, itsasontziko kapitainak eta jabeak hiru arrantzale salatu zituzten, eta Guardia Zibilak ikerketa martxan jarri du: ustezko mehatxu delituengatik, eta hirutik bi ustezko eraso edo eraso saiakeragatik.
Euskal Herriko lurretan, langileen etorkizuna ezbaian dago. Asteazken goizean Getariako kofradian bilera izan du armadoreak. Izan ere, istiluak istilu, armadoreak ez du jakinarazi inor kaleratuko duen; are, Euskal Herrira heldu aurretik, mugikorrari adi egoteko esan zien arrantzaleei.