Espainiako Espetxe Erakundearen zuzendaritzak zortzi euskal preso politikoren lekualdatzeak jakinarazi ditu. Haietako bost Euskal Herritik kanpoko espetxeetatik Euskal Herrikoetara hurbilduko dituzte.
Zortzi euskal preso politiko lekualdatuko dituztela iragarri du Espainiako Espetxe Erakundearen zuzendaritzak. Horietako zazpi Eusko Jaurlaritzarekin adostutako lekualdatzeak izan direla zehaztu dute. Zortzi horietatik bost Martuteneko, Zaballako edo Basauriko espetxeetara eramango dituzte, eta beste hirurak Iruñekora.
Juan Luis Agirre Lete Soriako kartzelatik lekualdatuko dute. 2002ko abuztuan atxilotu zuten, eta 2020ko martxoan bete zituen kondenaren hiru laurdenak, beraz, baldintzapean aske egon ahalko litzateke. Ivan Apaolaza, aldiz, Logroñoko espetxetik hurbilduko dute. 2008an espetxeratu zuten eta 2033an beteko ditu kondenaren hiru laurdenak.
Alvaro Arri 2003an atxilotu zuten, eta Burgosko espetxean dago egun. 2018an bete zituen kondenaren hiru laurdenak. Mikel Azurmendi Peñagarikano 1998an atxilotu zuten eta Duesoko espetxetik hurbilduko dute. Lau horien kasuan oraindik ez dute zehaztu Zaballako, Martuteneko edo Basauriko espetxera eramango dituzten. Txetxu Barrios Zuerako espetxetik Iruñekora eramango dute. 2020an bete zituen kondenaren hiru laurdenak.
Bestetik, Gari Arruarte, Jon Gonzalez eta Idoia Mendizabal Iruñeko espetxetik EAEko espetxeetara mugituko dituzte. Arruarte 2003an atxilotu zuten eta 2018an bete zituen kondenaren hiru laurdenak; Gonzalez 2011tik daukate preso eta 2030ean beteko ditu kondenaren hiru laurdenak; Mendizabal, berriz, 2010ean atxilotu zuten eta 2030ean beteko ditu kondenaren hiru laurdenak.