argia.eus
INPRIMATU
Beste “motxiladun haur” bat jaio da espetxean
  • Irati Etxebarria Zapirain jaio da Aranjuezeko kartzelan. Guraso biak preso ditu haur jaio-berriak eta momentuz amarekin dago etxetik 500 kilometrotara, Sare ekimenak jakitera eman duenez.

Axier Lopez @axierL 2018ko martxoaren 28a

Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirain euskal presoen umea jaio zen Madrilgo ospitalean. Guraso biak izanik, espetxean bizi beharko da hiru urte bete artean. Eta ondoren, legeak behartuta, gurasoak utzi eta espetxetik kanpo beste senideren batekin bizi beharko du. Une honetan, Aranjuezeko espetxean dago amarekin. Aita espetxe bereko beste modulu batean dago. Astean bi aldiz dute hirurek elkar ikusteko aukera, 40 minutuz aldi bakoitzean. Sarek salatu du Aranjuezeko amen moduluan dagoen euskal preso bakarra dela Beatriz Etxeberria, Espainiako Estatuan ama diren gainerako euskal preso guztiak Valentziako Picassenteko kartzelan baitaude. Etxetik ehunka kilometrotara egoteaz gain, isolatuta egotea dakarrela azpimarratu dute.

Ilargi, Xua, Haitz eta Izar

Lau dira une honetan espetxean dauden euskal presoen haurrak (Irati Etxeberriaz gain, Xua, eta Haitz). Eta horri gehitu beharko litzaieke sona handia izan duen Sara Majarenasen alaba Izarren kasua ere, "oraindik ere amarekin askatasunean bizitzeko ezintasuna baitu" gogorarazten du Sarek.. Haurrek sufritu behar duten egoera honen errudun salbuespen legeria jotzen du Sarek: "Espainiako legedia ankerra bada, are ankerragoa da haurrekin, hauei bete-betean eragiten die-eta".

Egoera aldatzeko, beste edozein presori eskaintzen zaizkion kartzela onurak lehenbailehen aplikatzen hastea aldarrikatu du ekimenak,  ume guztiek euren gurasoen ondoan eta aske hazteko eskubidea aldarrikatzearekin batera. Neurri batzuk aipatu dituzte: zigorraren laurdena beteta dutenek egun batzuk etxera joateko baimena, baldintza egokiak betetzen dituzten presoei 3. graduaz gozatzeko -askatasun mugatuan bizitzeko- aukera ematea eta, azkenik, zigorraren 3/4ak beteak dituzten guraso presoak aske gelditzea.