Al-Sawahreh auzoan hasi dira hainbat kolono israeldar haientzat egonleku bat eraikitzen. Antza, Abu Hussein familiarena da lursaila.
Beste kolonia baten eraikuntza hasi dute israeldar kolonoek Jerusalem ekialdean, zehazki, Al-Sawahreh auzoan, palestinoek haien lurralde gisa aitortu dutena urte luzez. Lursaila Abu Hussein familiarena dela eta ondorioz legez kanpoko eraikuntza dela azaldu du Wafa Palestinako albiste agentziak.
Israelgo Gobernuak ekainaren amaieran Zisjordanian eraikuntzak egiteko prozedura errazteko legea onartu zuen, nahiz eta Nazio Batuek, hainbat erakundek eta gobernuek gaitzetsi.
Negozioari ateak ireki
Bien bitartean, langile eta gizarte eragileen aldarrikapenei muzin eginda, Beasaingo CAF enpresa Jerusalem erdialdea eta kolonia ilegalak lotzeko tranbiaren eraikuntzan parte hartzen ari da. Eau de CAF plataformak eta enpresako langile batzordeak behin baina gehiagotan eskatu dute CAF atera dadila "palestinarrak are gehiago baztertzea" helburu duen proiektu hortatik.