argia.eus
INPRIMATU
Beste hilabetez greba egingo dute Gipuzkoako egoitzetako langileek
  • 118 greba egun egin dituzte dagoeneko eta oraingo greba aldia abenduaren 11ra arte luzatuko dute.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 11
Argazkia: ELA.

Ez dago mugimendu handirik Gipuzkoako egoitzetako langileen gatazkan. Azken aldaketa UGTk lortutako ituna izan da. Azaroaren 8an, sindikatu horrek soldatetan eragingo duen hobekuntza lortu zuen sektoreko patronalarekin. Beste hiru sindikatuek, ELAk, LABek eta CCOOk ez zuten ontzat hartu akordioa. Nabarmendu dute ordezkaritzaren %10 baino ez duela UGTk eta lortutakoak soldatetan baino ez duela eragingo, sektoreko hitzarmenak askoz gauza gehiago biltzen dituela, alegia.

Lau sindikatuak ez dira elkarrekin ari lan hitzarmena lortzeko borrokan. ELAK ordezkaritzaren %60 dauka eta negoziazio mahaitik kanpo dago. Patronalaren zati batekin akordioa iristen saiatu zen, eta sindikatuak dioenez, Foru Aldundiak halakorik egin zuenik gezurtatu zuen. Beste hiru sindikatuek negoziazio mahaitik kanpo aritzea leporatzen diote.

ELAk deitutako greba aldia betetzen bada, langileek 149 greba egun osatuko dituzte 2018ko irailean hasi zirenetik. LABeko langileek hamazazpi greba egun egin dituzte. Bai LABek bai CCOOK grebara deitu dute azaroaren 28rako.