Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta herritar talde bat ostegunetik egon da Jarauta kalean, etxegabetzea oztopatu eta berau salatzeko. Segizio judiziala, aldiz, ostiral goizaldean iritsi da atarira, Espainiako Polizia eta Iruñeko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Kalea jendez hustu dute eta sarrailagile baten laguntzarekin emakumea eta bere semea bizi diren etxebizitzara sartu dira.
Idatzizko oharra medio, Etxebizitza Sindikatuak adierazi du etxegabetzea aldez aurreko jakinarazpenik gabe egin dela eta, beraz, legez kanpokoa dela. Azaldu dutenez, epaitegiko ordezkariek ez dute onartu negoziaziorik eta ez dute erakutsi etxegabetze agindua. Horren aurrean bizilagunek beren borondatez ateratzeari uko egin diote, baina segurtasun indarrek atera egin dituzte. Etxegabetzea prozedura azkar batez egin dela salatu dute sindikatutik, eta horrek babes juridikorik gabe uzten duela familia.
Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, emakumea eta bere semea 2024ko amaieratik egon dira alokatuta Jarautako etxebizitza horretan, baina iruzur baten biktima izan dira. Etxea alokatu zien pertsona ez zen etxebizitzako jabea, eta egoeraren berri izan zuenean benetako jabeak salaketa jarri zuen epaitegietan.
Iruñeko Udaleko zerbitzu sozialek adierazi dute behin-behinekoz udalaren etxebizitza batera eraman dituztela emakumea eta desgaitasun larria duen bere semea, eta aurrera begira saiatuko direla Etxe Bat programaren barruan logelaren bat eskaintzen.
Azken hamar egunetan bi etxegabetze izan dira Iruñeko Alde Zaharrean, joan den astean emakume bat kanporatu zuten San Lorenzo kalean, eta gaur goizaldean Jarauta kalean.