Eskola bakoitzak bere jantokiaren kudeaketa-eredua aukeratu ahal izateko mozioa onartu dute ostegunean Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran izan dute hizpide eskola-jangelen auzia. Legebiltzarrak onartu du hainbat puntuko mozioa, eta hitzartu dute eskola bakoitzari aukera eman diezaiotela nahi duen kudeaketa erdua aukeratzeko: catering, autokudeaketa, edota beste erakunde lokalak.
Era berean, onartu dute catering sistema aukeratzen duten eskolek aukera izatea aurretiaz Jaurlaritzak homologatutako catering enpresa hautatu eta zuzenean negoziatzeko. Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio egungo kudeaketa zehazten duen araua aldatu eta kudeaketa-eredu berriaren araudia osatzeko Jantoki Batzordea sortzea. Lehiaren Euskal Agintaritzak catering enpresei jarritako isunen 18 milioi euroak eskoletako sukalde eta jangelak egokitzera eta kudeaketa eredu berria martxan jartzera bideratu ditzala ere hitzartu dute.
Eskola-jantoki osasuntsuago, hurbilago eta bidezkoagoaren alde mobilizazioa egin du Gure platera, gure aukera plataformak Legebiltzarraren atarian mozioa eztabaidatzen ari ziren bitartean.
Plataformaren arabera, 16 milioi menu baino gehiago banatzen dira urtero Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako eskoletan. Otordu horiek guztiak zazpi catering enpresek kudeatzen dituzte. Horren arrazoia da Eusko Jaularitzak onartutako 2000ko martxoko Legea; ondorioz, sukaldeak desagertu egin dira pixkanaka eskoletatik, eta dagoeneko janaria ez da eskoletan bertan prestatzen.
Plataformako kideek jakinarazi dutenez, zerbitzu hori kudeatzen duten zazpi enpresek 12 urte daramatzate prezioak ezartzen merkatua beraien artean banatzeko, “familiei eta erakunde publikoei iruzur eginez”. Hori dela eta, uste dute gaur egungo kudeaketak “porrot” egin duela, eta eskatu dute 2000. urtean onartutako arautegia aldatzeko. Lege berriak aukera eman behar die “horrela nahi dutenei”, eskolako jangela zentroak berak kudeatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak bidea erraztu behar die hori eskatzen duten eskolei. Horretarako, “ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak gidatutako eta hainbat eragilek parte hartuko duten lan-mahaia sortzea”, gaineratu dute plataformako kideek.
Legebiltzarraren atarian #gureplateragureaukera!!!! pic.twitter.com/oLkZ2bTURX
— BIGE (@BIGEfederazioa) 2016(e)ko martxoak 3