argia.eus
INPRIMATU
Beste ertzain bat inputatu dute Iñigo Cabacasen heriotzagatik
  • ‘Iñigo Cabacas’ auziko epaileak, Ana Torresek, beste ertzain bat inputatu du heriotzarekin lotura izan dezakeelakoan. Athleticzalea hil zuten kargan parte hartu zuten furgonetetako baten burua da, eta datorren martxoaren 2an deklaratu beharko du.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 10a
Cabacasen heriotzagatik justizia eskaera ugari egin dira.

Egun bat lehenago, martxoaren 1ean, gau hartako gertakariak jasotzen dituen bideo baten txosten osagarria egin duten perituek deklaratuko dute. Jone Goirizelaia familiaren abokatuak adierazi du bideoan “gorriz jantzita” eta “gomazko pilota bat jaurtitzen ari den pertsona” Cabacas hil zuen gomazko pilotaren ibilbidearekin eta posizioarekin “bat datorrela”.

Legeak jasotzen duenez, ekainean amaitzen da kasuaren instrukzioa egiteko epea: ElDiario.es hedabideak jasotzen duenez, fiskalak adierazi dio dagoeneko Torres epaileari ez duela kasuaren konplexutasuna eskatzeko asmorik. Hori horrela izanez gero, ekaina hasieran amaitu beharko da kasuaren instrukzioa.

Orain arte, bost pertsona inputatu dituzte: gau hartan pilotazko gomak jaurti zituztela onartu zuten hiru ertzain, operazioan parte hartu zuten furgoneten burua, eta “Ugarteko”, Iñigo Cabacas hil zuten operazioaren arduradun nagusia.