Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia euskal preso politikoak Lannemezango espetxera lekualdatu dituzte, Etxeratek jakinarazi duenez. Agirregabiria Fresnesen zegoen preso, 930 kilometrora, eta Garitagoitia Poissyko espetxean, 950 kilometrora.
Nerín jendarmearen hilketaren auzian espetxeratu zituzten biak. Hilketaren ostean, ETAk doluminak eman zizkion jendarmearen familiari, “nahi gabe” hil zutela esanez.
Frantziako Estatuak bigarrenez hartu du euskal presoak etxera hurbiltzeko erabakia, baina Euskal Herrira ekarri gabe. Otsailaren 27an Zigor Garro eta Julen Mendizabal Mont-de-Marsango espetxera gerturatu zituzten, etxetik 150 kilometrora. Garro preso oreretarra Saint Maurreko espetxean zegoen, etxetik 680 kilometrotara, eta Mendizabal arrasatearra 927 kilometrotara dagoen Osnyko espetxean.