Alfonso Fernandez Alfon gazte madrildarrak atxiloketan torturak jasan dituela eta Soto del Real kartzelan bizitzen ari den eskubide urraketa salatu ditu Elena Ortega bere amak.
Astearte arratsaldean egindako agerraldian, Ortegak adierazi du jokaera hauek ez direla zerbait puntuala: “Beti egiten dutena errepikatu dute: herrialde honetan torturatu egiten da, eta kasu honetan berriz ere torturatu egin da”.
Alfon babesteko herri harresiaren ekintzan atxilotua eraman zutenean, esan du Ortegak, “ukondokada, bultzada eta zaplazteko” etengabeak jaso zituen autoan. Ondoren, komisaldegian, esku-bilurrak estutu zizkioten “odolaren zirkulazioa mozten zitzaiola sentitu zuen arte”, eta esku-bilurretatik tiraka kalabozoraino eraman zuten arrastan.
Arriskugarritasun handiko presotzat katalogatu dute Alfon, eta FIES isolamendu erregimena aplikatu zaio kartzela barruan. Bere amak adierazi du geroztik ezin izan dutela telefonoz semearekin hitz egin, ezta gutunik bidali edota arropa paketerik ere sartu: “Presoen eskubideak etengabe urratzen ari dira.”
Ortegak azaldu duenez, Konstituzio Auzitegian aurkezteko errekurtso bat prestatzen ari dira abokatuak. Ez dute indulto eskaerarik eginen, ordea: “Leherkari zaku bat zeukala onartzea suposatuko luke horrek, eta berak ez zeukan horrelakorik”.
Lau urterako kartzela zigorra jarri diote Alfoni, ustez leherkariak edukitzeagatik. Familiak eta abokatuek salatu dutenez, ordea, froga bakarra gaztea atxilotu zuten bi polizia agenteen testigantzak dira.