argia.eus
INPRIMATU
Beste behin epaitu dute Trump, oraingoan dokumentu konfidentzialak gordetzea egotzita
  • Etxe Zuria utzi ostean gobernuko dokumentu konfidentzialak gordetzea egotzi diote AEBetako lehendakari ohiari. Lehen aldia da bertako lehendakari ohi bat federalki epaitzen dutena.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 14a
Donald Trumpen artxiboko argazki bat.

Beste behin epaitu dute Donald Trump, AEBetako lehendakari ohia. Oraingoan, baina, lehendakaritza galdu ostean gobernuko dokumentu konfidentzialak gordetzea egotzi diote. Epaiketa asteartean, ekainaren 13an, izan da, Miamin (Floridan).

Guztira 37 kargu egotzi dizkiote, horietatik 31k espioitzaren legearekin dute lotura. Epaiketan, besteak beste, testigantza faltsuak ematea, justizia oztopatzea eta segurtasun nazionaleko informazioa gordetzea egotzi diote. Lehen aldia da lehendakari ohi bat federalki epaitzen dutena.

Jack Smith abokatuaren esanetan, 2021eko urtarrilean, Etxe Zuria utzi ostean, Trumpek hainbat dokumentu hartu zituen, tartean segurtasun nazionaleko sekretuak zirenak. Gainera, nahiz eta epaitegiek dokumentuak bueltatzeko eskaria egin, Trump ukatu egin zela salatu du. Horregatik, gertaerek espioitza legea urratu eta justizia oztopatzen dutela dio.

Lehendakari ohiak, bere defentsan, Bill Clinton eta George W. Bush lehendakari ohiek ere dokumentu konfidentzialak gorde zituztela adierazi du, baina haien aurkako epaiketarik ez zela egin salatu du. Gainera, epaiketa egin izana Joe Biden lehendakariari egotzi dio, eta “sorgin-ehiza” baten biktima gisa aurkeztu du bere burua.