Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon da orduz geroztik ikastolaren eta Beskoitzeko Herriko Etxearen artean, eta ikastola bizirik mantentzeko borroka gogorra eraman du Seaskak. Albistea txalotu dute bi aldeek, gatazka gogor bati emandako aterabidetzat dutelako.
Urte luzeetako borrokaren ondotik, azkenean lortu dute Beskoitzeko (Lapurdi) ikastolako guraso, haur eta irakasleek ezinbesteko zutena: ikastola eraiki ahal izateko 2.500 metro koadroko lursaila. Seaskako Antton Etxeberri lehendakarikideak, Beskoitzeko auzapez Pascal Jocouk eta Beskoitzeko ikastolako lehendakarikide Manu Diribarnek eman dute horren berri ostegunean buruturiko agerraldian. Jakitera eman dutenez, lurraren jabetza herriko etxearena izanen da, baina Seaska izanen da egoitzaren jabe. Obrak laster hasiko dituzte eta 2026ko irailerako nahi dituzte bukatu.
Horiek horrela, orain arte prefabrikatuetan ikastera behartuak ziren 50 bat haurrek ohiko eraikin batean segitzen ahalko dute hezkuntzaren bidea. Diribarnek bere poza eta lasaitasuna adierazi ditu: "Iragan ekainean, gure haurrek kanpo ezarriak izateko mehatxua jasan behar izan zuten. Zinez eskertu nahi ditugu herriko etxea eta Seaska, Beskoitzeko eta eskualdeko guraso eta haurrei euskarazko hezkuntzarako hautua egiteko baldintza onak bermatzeko erakutsi duten borondateagatik".
EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoari esker, merkatukoa baino apalagoa den prezio batean eskuratu ahal izan dute lursaila, bertan interes publikoko antolaketak egiteko. Lorpena "berri biziki ona" dela zehaztu du auzapezak, aitzineko auzapezarekin izandako gatazkari aterabide bat atzeman izanaz pozik.
2013an ireki zuten Beskoitzeko ikastola etxe pribatu batean, eta ondotik eraiki zituzten prefabrikatuak, bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an, eraikin sendo bat eskuratzeko proiektua aurkeztu zuen Seaskak, baina eraikitzeko baimena ukatu zion herriko etxeak, ikastolen federazioak aurkezten zituen proiektu guztiei ateak hetsiz. Gainera, 2023ko abenduaren 18ko herriko kontseiluan, eskura izan zituen lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi zuten ikastola. Horrek haserrea eta kezka piztu zituen ikastolako gurasoen eta umeen artean, baita Seaskako kideen baitan ere, eta aterabide bat lortzeko mobilizazioak indartu zituzten.
Ikastolaren auziak sorturiko tentsio eta gatazka giroagatik, iazko martxoan aurkeztu zuen bere dimisioa auzapez kargua zuen Fabienne Ayensak. Hala ere, bitarteko aterabide gisa, ikastolak baliaturiko lurrak beste urtebetean erabili ahal izateko baimena bideratu zien. Iazko ekainean hauteskundeak irabazi zituen Joucouk, eta ikastolaren auziari aterabide bat aurkitzeko nahikeria plazaratu zuen berehala: "Mahai baten inguruan jartzea lortzen dugularik, konbentzituak gara konponbideak atzematea lortuko dugula. Hori izanen da gure egiteko nagusia: herria baretzea eta arazoei konponbideak aurkitzea".