argia.eus
INPRIMATU
Besarkatu nazazu gehiago
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2025eko urriaren 13a

Siempre me siento regular

Chuleria joder!

Autoekoizpena, 2025

--------------------------------------------------

Aspaldian entzun diot bati baino gehiagori Bizkaiko Ezkerraldeko Chuleria, Joder! taldea ez dela hain punkia, abeslariak aurretik izan zuen Desorden taldearekin alderatuta. Bueno, Desorden punk taldea zen erabat eta Iratxek 17 urte zeuzkan orduan. Hala ere, bada Euskal Herrian gaur egun Iratxe baino abeslari punkiagorik? Ezetz esango nuke. Eta, are gehiago, zer da ba punka? Eta zer ez?

Hasteko Chuleria, Joder! beste talde bat da, erabat desberdina, Iratxe, Antton, Myriam eta Enekok osatzen dutena. Taldearen sorreratik erakutsi zuten, punk-rockaz gain, poesia, bai poesia, kaleko izaera eta rocka zentzu zabalagoan landu nahi zutela. Zuzeneko oso biziekin, agertoki edo espaloi muturrak banan-banan borrokatu eta irabazi dituzte.

2024an Urbe izeneko disko lotsagabea eta aurreiritzi apurtzailea grabatu eta kaleratu zuten. Ordutik jarraitu dute non-nahi jotzen eta aurten Siempre me siento regular bigarren lan luzea erditu dute, hau ere Haritz Harreguy estudioan. Haien punk izaera ezbaian jartzen dutenen alde, egia da batzuetan taldearen eskaintza punk musika estilo hertsitik aldentzen dela nahita, jakina.

Hala ere, diskoa La primavera punk-rock azkar eztandak zabaltzen du, melodia sarkorra barrenean iltzatuta daukana eta intentsitatea biderkatzen duena. Regular-ek uztartzen du intro surferoa, Volquete-ren marka, riff rockeroak eta iluntasuna. Juliana hit-a da, instrumentalki eta erritmoz ondo jantzitako pieza rockero indartsua, ukitu ‘kanalla’ ere baduena. Maitia-n, ausartagoa, probatu dituzte bestelako sonoritate eta tenpoak eta emaitza oso interesgarria da. Pilas alcalinas kantu indartsuak dauka RIPen DNA: inor bizirik utziko ez duen punk-rock erasokorra. Nazka-n, Miren Narbaizak eta Joseba B. Lenoirrek aberastuta, Iratxek bestelako erregistroak erakutsi dizkigu eta, jakina, emaitzak amorru, indar eta dotorezia batzen ditu maisuki. Bukatzeko-edo, No es el fin-ek batzen ditu Dead Kennedysen pareko erritmo jolas eta irmotasuna, eta bizkaitar hauen esentzia