Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.
92 urte zituela eman du azken hatsa Mixel Itzaina bertsozale eta idazle aldudarrak. Bertsoaren munduan ezaguna zen, besteak beste, hamarkada luzeetan gai-jartzaile zein epaile lanetan ariturikoa, baita itzaleko xinaurri lan handia egindakoa ere delako. 1980an sortuko zuen, demagun, beste batzuekin batera, Bertsularien Lagunak elkartea, Ipar Euskal Herriko bertsolaritza sustatzeko xedez. Bertsoak idazten zituen, nagusiki, eta baditu gutienez 20 bat bertso sorta idatzirik, tartean, Argi urratzean hegoa usoekin izenekoa, 1969an sariztatua izan zena.
1980an, Etienne Sallaberry apezak Ernest Alkhat eta Jean Louis Hariñordoki Laka bertsolari gazteei erran zien: "Ikusten delarik zer egoeretan dagoen hemen bertsolaritza, beharrezko zenukete gelditzen zareten bertsolari eta bertsozaleek elkarretaratzea hortaz mintzatzeko eta elkarte bat xutik emateko". Gogoeta talde horren parte izan zen Itzaina, eta hortik gutira sortuko zuten gaur egun ere lanean dabilen Bertsularien Lagunak. 2010ean berak ezarri zion txapela Amets Arzallus Ipar Euskal Herriko txapelketako irabazleari.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaile izan zen hainbat aldiz, eta 1967ko ekainaren 11ko hartan ere epaile zebilen, Xalbador adiskideari txistuak bota zizkioten saioan. Egun horretako oroitzapenak horrela kontatu zizkion bertsoa.eus-i: "Zazpi minuta biziki luzeak izan ziren".
Xalbadorren bertsogintza miresten zuen eta funtsean, liburu bat ere bideratu zion 2014an, bere biografia idatzita. Xalbadorri Urepelen egin zitzaion 1976ko azaroaren 7ko omenaldiaren antolatzaileen artean ere egon zen.
Adiskide zuen Mixel Labeguerie kantari eta politikari abertzalearen biografia idatzi zuen 1999an, eta Louis Dassance politikari eta euskaltzainaren biografia, berriz, 2008an. Labeguerieri buruzko liburua atera berri zuela, elkarrizketa eskaini zion ARGIAri: "Bi Mixel Labegerie gogoratzen ditut: poeta eta politika gizona. Bizitzaren lehen aldian euskal kulturan murgildurik bizi izan zen, bigarrenean, berriz, politikan. Politika bere tripetan zeraman, politika behar zuen".
Euskal kultura ardatz zuela, Herria eta Gure Herria aldizkarietan urte luzeetan idatzitakoa ere da. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967ko abuztuaren 25ean eta ohorezko, 2014ko maiatzaren 30ean.
Ogibidez, Kanboko Herriko Etxeko idazkari izendatu zuten eta hogeita hamar urtez aritu zen han lanean, erretretan sartu arte. Mixel Labeguerie Kanboko auzapez zela, elkarrekin lan egin zuten, politikaren nahiz kulturaren alorretan. Funtsean, Labeguerie hil eta 1980an, Itzainak ordeztu zuen Euskaltzaleen Biltzarreko buruzagitzan.