Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio bilketan sakontzeko aurrerapausoak eman ditu: Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu dira.
Bertsularien Lagunak Elkartea, Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak elkarlanean bertso dokumentazioaren bilketaren sistematizaziorako proiektua bideratu dugu azken urte honetan zehar.
Hiru elkarteak bertsolaritzaren egungo jardunak sortzen duen dokumentazioa biltzeko sistema propioa indartzeko lanean aritu gara, lurraldearen garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzea duen Euroeskualdea erakundearen lankidetzarekin.
Bertso dokumentazioa biltzeak helburu desberdinak ditu. Alde batetik, bertsolaritzaren kultur ondarea antolatu eta zaintzeko; eta, bestetik, ezagutza horretan sakondu nahi duen orori zerbitzu antolatu bidez eskaintzeko. Era berean, taldean ondutako bertso sorkuntzaren bilduma kolektibo hau, bertsolaritzaren ikerketa, sustapen eta transmisiorako oinarrizko bilduma da.
Xenpelar Dokumentazio Zentroko ondare bilketarik handiena Bertsozale Elkarteak egiten du bere ohiko egitasmoen bidez, baina ezinbestekoa izan da norbanako eta bertsozaleek borondatez egiten duten lana ere, ondare hori aberastu eta eskaintzeko. Hortaz, dokumentazio bilketan sakontzeko, batetik, Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta, bestetik, tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu dira.
Bide honetan, euskarri desberdinetako dokumentazioa jasotzeko lagungarri diren baliabideak sortu ditugu: egitasmoaren helburua eta azalpenak biltzen dituen esku-orria, euskarriaren arabera dokumentazioa egiteko irizpideak, grabazioak eta argazkiak egiteko jarraibideak eta bertso saioetako informazioa jasotzeko fitxak, besteak beste.
Informazio hori guztia Bertsozale Elkarteko egitasmo desberdinen bidez hedatuko da, baitan Xenpelar Dokumentazio Zentroko webgunean jaso ere. Orri horretan bertan eskuratu daiteke bilketari buruzko esku-orria, egitasmoari buruzko bestelako xehetasunekin batera.