argia.eus
INPRIMATU
Bertsolaritza lurralde guztira hedatzeko apustua egingo da Nafarroako Bertsolari Txapelketan
  • 24 bertsolarirekin ekingo dio bideari Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Auritzen izango da, urriaren 4an; eta, lehen aldiz, Nafarroa Arenan izango da finala, azaroaren 29an. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, Bertso Sarrerak atarian.

Bertsozale.eus @bertsozale 2025eko irailaren 08a

Konturatzerako bi urte igaro dira azken Nafarroako Bertsolari Txapelketatik, eta ate joka da 47. aldia. Ostiralean aurkeztu da jendaurrean, Nafarroa Arenaren atarian. Izan ere, lehendabizikoz han izango da Nafarroako finala, azaroaren 29an. Aurkezpenean izan dira Nerea Bruño, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria; Saioa Oneka, Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea; eta Jabi Arakama, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea. Arakamak hartu du hitza eta proiektuari babesa emateko izan duten prestutasunaz aritu da.

Atzetik, Nerea Bruño 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak egingo duen bideaz aritu da: "Nafarroaren lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu", eta, bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, "Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz". Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko duela azaldu du, eta bertsolaritzaren -eta oro har euskarazko kultur sorkuntzaren- bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune izango dela.

Nafarroako bertsolaritza "une gozoan" dela dator 47. Txapelketa. 2023ko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Eta ordutik gorakada ari da bizitzen bertsolaritza Nafarroan, ikusle kopuruari eta bertsogintzari dagokionean. Horregatik, 2025eko txapelketako finala Nafarroa Arenan izango da lehenengoz. "Urtez urte gora doan bertsolarien mailak, eta gerturatzen den bertsozale kopuruaren gorakadak, urrats kuantitatibo eta kualitatibo hau ematera garamatza", argudiatu  du Bruñok.

Zortzi saio, beste horrenbeste udalerritan

Saioa Onekak datuak eta datak eman ditu. 30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkatze fasea igarota, 24 izango dira Auritzen abiatuko den ibilbidean, azken txapelketan baino bi gehiago.

"Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen helburuetako bat bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzea denez, apustu hori islatu egingo da txapelketan", azaldu du Onekak. Saioak Nafarroako eremu desberdinetako udalerrietan izanen dira eta horiek guztiak azaldu ditu koordinatzaileak.

Txapelketa lehenengo fasearekin abiatuko da. Lau saio izango ditu fase honek: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Finalaurrekoetan hiru saio izango dira: Agoitzen, Leitzan eta Tafallan. Eta azkenik, Iruñean jokatuko da finala, azaroaren 29an, larunbatez, Nafarroa Arenan. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta hor erabakiko da 2025eko txapelduna. 

Finalean ez da soilik hori erabakiko, izan ere, aurtengo txapelketa puntuagarria da Euskal Herrikora begira. Onekak aipatu du hor ere badirela berrikuntzak: "Orain arte bost ziren Euskal Herrikorako txartela lortzen zutenak. Aurten, ordea, bi gehiago izango dira. Guztira zazpi bertsolari sailkatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako".

Parte hartzaileen artean, aurpegi berriak

Lehen aldia da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan izango dena. Eta berritasun hori ez dator ezerezetik. Izan ere, "txapelketa urtean zehar egiten den lanaren fruitua eta isla da, bertsolaritza transmititzeko egindako lanaren ondorio zuzena", aipatu du Bruñok. "Bertsolaritzak geroz eta oihartzun handiagoa du Nafarroan, kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere hazi egin da", eta Bruñok esan duenez, horregatik egin dute Nafarroa Arenara salto egiteko apustua.

Parte hartzaileei dagokionez, anitza da ordezkaritza. Parte hartzaile berriak, zein txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere ariko dira lehian. Aurten, gainera, hiru txapeldun izango ditugu: Julen Zelaieta, Saioa Alkaiza eta egungo txapelduna den Julio Soto. 

Parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzaileek, antolatzaileek eta laguntzaileek osatzen dute txapelketa. Proiektu kolektibo honen oinarrian boluntariotza eta elkarlana dago, eta batera zein bestera ekarpena egiten duten horiei guztiei eskerrak emanda amaitu du prentsaurrekoa Oneka koordinatzaileak.

Etengabeko jarraipena

Txapelketaren jarraipena egin ahal izateko www.bertsozale.eus webgunean eta elkartearen sareetan informazio eguneratua eskainiko da, eta, horrez gain, www.bertsoa.eus webgunean saioetako laburpenak ikusi ahalko dira. Hedapenean giltzarri den Hitzetik Hortzera saioak ere jarraipen berezia egingo dio Nafarroako Bertsolari Txapelketari.

Saioak bertatik bertara ikusteko, www.bertsosarrerak.eus webgunean erosi ahalko dira sarrerak. Bukatzen ez badira, egunean bertan ere jarriko dira salgai, leihatilan.