argia.eus
INPRIMATU
Bertsolari Txapelketa Nagusiaz ARGIAren bideo-podkast saio umoretsua gaur estreinatuko da
  • Haizea eta Oihana Arana, Leire Vargas eta Aner Peritzek ARGIArekin egina da "Berezkoa Ta Naturala" saio berria. Lau bertsolari gazte hauek aho-bilorik gabe harilkatuko dituzte Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioei buruzko analisia, kritika, umorea, eztabaida... Asteartetan 20:00etan jarriko dugu publiko, eta urriaren 25ean egongo da ikus-entzungai lehenengo atala. Saio berezi honetatik aparte, Eli Pagolak eta Elixabet Etxandik astero elkarrizketa berezia egingo diote kantatu duen bertsolari bati: irakurgai dago lehena, Onintza Enbeitari egindakoa.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 24a
Aner Peritz, Haizea Arana, Leire Vargas eta Oihana Arana ARGIAn, "Bertakoa Ta Naturala" saioaren grabaketan. Argazkia: Dani Blanco.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren sigla berak baina esanahi zirikatzailea duen "Berezkoa Ta Naturala" saio berezia gaur, urriak 25, ikus-entzun ahalko da lehenengoz, 20:00etatik aurrera. Leire Vargas, Oihana eta Haizea Arana eta Aner Peritzek xehetuko dute aurreko asteburuan jokatutako finalaurrekoko bertso-saioa. Gidoi kontzientetik abiatuta, jario ederrarekin eta bat-batekotasunaren indarra baliatuz gatz eta piper handiko saioa osatzen dute.

ARGIAko platoan berariaz jarri den mahaiaren inguruan eserita eta irratiko kaskoak jantzita, mikro aurrean grabatuko duten saltsa handiko saioa prest dute. Bideo podkast hau nonahitik entzun ahalko du nahi duenak, eta pantaila aurrean ikusi ere bai, izan ARGIAren webgunean edo sare sozial eta audio plataformetan. Ordubete inguruko saioa izango da, atal motzetan banatuta: atal batzuek analisia, kritika, eztabaida elikatuko dute eta beste atal batzuek umorea. Bertso saioetan grabatutako elkarrizketei ere tartea egingo die saioak eta astero ikusentzuleei lehiaketa bat ere proposatuko zaie, datorren finalaurreko bertso saiorako sarrerak eskuratzeko aukera emango diena.

Saio honen babesle dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutua (Nafarroako Gobernua), eta laguntzaile, berriz, Goenaga Yogur.

Bertso saio bakoitzaren ostean, kantatu duen bertsolari bati elkarrizketa

Elixabet Etxandi eta Eli Pagolak elkarrizketen sail berezia hasi dute. Txandaka, finalaurreko saioan kantatu duen bertsolari bat elkarrizketatuko dute: bi egile hauen esku dago bertsolaria hautatzea, eta aukeraketa ez da lortutako puntu kopuruaren baitan egongo. Horrela, bertsolarien bizipen eta hitzetatik egingo diote jarraipena txapelketari. Elkarrizketak "ganbarakoa" ere izango du, izan ere, beti bera izango da azken galdera: "Zer aho-zapore utzi dizu BTNk biharamunean?".

Dagoeneko irakurgai dago lehen elkarrizketa: Onintza Enbeita, Eli Pagolaren galderei erantzunez.