Irailaren 29an hasi eta abenduaren 15ean amaituko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. 43 bertsolarik hartuko dute parte, 2009ko irabazle Maialen Lujanbiok tartean. Finala BECen jokatuko da.
Orotara 43 bertsolarik parte hartuko dute txapelketan. Duela lau urteko finalistek ez dituzte kanporaketak jokatuko. Maialen Lujanbio irabazlea zuzenean pasako da aurtengo finalera, eta gainerakoak finalaurrekoetan lehiatuko dira. 2009an finalista izan zen Andoni Egañak ez du aurten izena eman.
Saioak:
Hiru sailkapen fasetan banatuko da txapelketa: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala.
1. Kanporaketak: 36 bertsolari izango dira lehian, guztiak herrialdeko txapelketetan sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten hamabiekin osatuko da finalaurrekoetan aritu den taldea. Lehen kanporaketa Amasa-Villabonan jokatuko da irailaren 29an, eta azkena urriaren 26an Oionen.
2. Finalaurrekoak: 24 bertsolari lehiatuko dira fase honetan, 2009ko sei finalista eta kanporaketako saioetatik sailkatu diren 18 bertsolariak. Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau saio izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian ez dute kantatuko. Gernika-Lumon egingo da lehenengo saioa azaroaren 9an, eta Maule-Lextarren zazpigarrena azaroaren 30ean.
3. Finala, abenduaren 15ean BECen. Zortzi bertsolari lehiatuko dira: 2009ko txapelduna (Maialen Lujanbio) eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatu diren zazpiak.
Saio guztien agenda eta parte hartzaileen zerrenda.
Sarrerak:
Internetez, Bertsosarrerak.eu webgunean eskura daitezke. Oraingoz txapelketa osorako bonoa eta kanporaketetarako sarrerak eros daitezke.
Urriaren 14an jarriko dira salgai finalaurrekoetarako sarrerak.