argia.eus
INPRIMATU
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean
  • Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan. Publikoak federazioak mendeurrena ospatzeko sortutako oroigarria jasoko du opari.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2025eko apirilaren 11

Pilota euskal kulturaren parte dela ulertuta antolatu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bertso saio bat, bere 100. urteurrena ospatzeko ekitaldien artean. Gainera, bi munduen artean badela konexio natural bat iradoki du federazioak, saioa aurkezteko egindako prentsaurrekoan: "Asko dira bertsotan eta pilotan dihardutenak, eta asko dira bai pilota eta bai bertso munduko zaleak direnak". Horren guztiaren erakusle, apirilaren 12an Zumarragan bertso saioa osatuko duten bertsolari eta gai-jartzailea:

Pilotaria gai-jartzen, bertsolariak punpa-lasterrean

Jon Alberdi pilotaria arituko da gai-jartzen Zumarragan (kartelean bere anaia Unai ere iragarria zen baina partida dauka). Jon duela gutxi arte elite mailan jokatutakoa da eta Azpeitiako taldearekin bost bider Herriarteko txapela jantzitakoa. Saioaren aurkezpenean aitortu zuen tarteka aritzen dela bertsotan, lagunarteko giroa berotzen denean. Gaiak prest ditu, eta asko eskertu du pilota zein bertso mundua uztartzen dituen lagun bat izan duela lan horretan botilero: Iker Iriarte, bertso txapelketetan gai-jartzen aritzen dena eta maiz Iñaki Artolaren botilero aritzen dena.

Larunbatean kantuan arituko diren lau bertsolari gipuzkoarren pilota ibilbidea azaldu du Gipuzkoako federazioak saioaren aurkezpenean:

Uxue Fernandez ondoko herrikoa, Urretxukoa da. Urtetan izan da paletako pilotari federazioan teknikari aritutakoa da. Egun pilota irakaslea da unibertsitateko Kirol fakultatean eta emakumea eta pilotaren inguruko doktore-tesia egin zuen.

Maialen Lujanbio pilotan aritzen da, aisialdian.

Asier Azpiroz pilotari federatua da eta federazioko teknikari ohia.

Jexux Mari Irazu pilotan aritutako bi gazteren gurasoa da.

Oroigarria eta eskertzak

Apirilaren 12an 17:00etan hasiko da bertso saioa, Zelai Arizti areto dotorean. Sarrera doan da eta publikoak bertso gogoangarriez gain oroigarri bana eramango du etxera, hain justu mendeurrena ospatzeko Gipuzkoako federazioak atera duena. Aurkezpenean federazioak eskerrak eman zizkion mendeurreneko ospakizunak babestu dituzten erakunde eta enpresei, eta batez ere saio hau babestu duten Zumarragako udalari eta AMPO enpresari.

Zumarragako alkate Mikel Serranok saioaren aurkezpenean nabarmendu zuen Zumarragak pilotarekin duen konpromisoa, eta horren adibide moduan azaldu zituen urteetan udalak babesten dituen pilota ekitaldiak. Aurrera begira ere kirol hau sustatzen jarraituko dutela berretsi zuen.