argia.eus
INPRIMATU
Bertran Cazorla kazetaria atxilotu, jo eta auzipetu dute Katalunian
  • Directa hedabideko Bertran Cazorla kazetari kataluniarra atxilotu zuten igandean Esquadrako Mossoek Bartzelonan, etorkin baten atxiloketa bategatik interesatu zenean.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko ekainaren 17a
Esan du polizien eskuetan sufritutako erasoen aurkako salaketa jarriko duela. Irudia: elperiodico.cat

Kazetariaren abokatuaren esanetan, Cazorla eta bere lagun bat identifikatu zituzten mossoei egiten ari ziren atxiloketa neurrigabekoa zela esan ostean. Gertakaria Nou de La Rambla kalean dagoen komisaldegiaren alboan gertatu zen, Raval auzoan. "Guk gure herritar konpromisoa bete genuen", esan du Bertran Cazorlak libre geratu ostean.

Behin komisaldegian, poliziei beraien identifikazioa eskatu ondoren, hauek jazarri eta jo egin zutela gehitu du.

Mossoen bertsioaren arabera, kazetariak berak behartu zuen atxiloketa. Polizia bere inguruan zeuden pertsonak identifikatzen ari zela ikusi zuenean, agenteei bultzaka oihuka eta irainka hasi zela diote Mossoek.

Behin komisaldegian, "tirabira bat" gertatu zen polizia autonomikoaren arabera eta horren ondorioz kazetaria Pere Campseko osasun zentrora eraman zuten zauri txikiak tratatzeko. Ondoren Les Cortseko komisaldegira eraman zuten. Autoritatearen aurkako delitua leporatzen zaio.

Kazetaria epaiketaren zain dago orain, baina esan du polizien eskuetan sufritutako erasoen aurkako salaketa jarriko duela.

Bestalde, Les Cortseko komisaldegiaren aurrean kontzetratu dira atxilotuen senide eta lagunak, tartean aurkitzen ziren, PSCko Ferran Pdret diputatua, EUiAko David Companyon eta CUPeko David Fernandez.

Bertran Cazorla gai sozialak jarraitzen dituen kazetaria da, eta besteak beste, berea da komisaldegietan hildako pertsonei buruzko erreportajea.

Bartzelonako 15M mugimenduak bideoa egin du Cazorlaren kasua azalduz.

Twitterren Cazorlaren atxiloketak haserrea eragin du eta #BertranLlibertat etiketa erabili dute erabiltzaileek babesa adierazteko. Behean etiketa hori daukaten mezuak ikusgai.