argia.eus
INPRIMATU
Bertoko produktu ekologikoen azoka egonkorra martxan da Bortzirietan
  • Joan den apiriletik, Bidazi Elkarteak azoka du Bera eta Lesaka artean. Elkarteko bazkideek aukera dute inguruan landutako produktu ekologiko eta sasoikoak prezio onean erosteko, bitartekaririk gabe. Bazkide berriak lortzeko kanpaina abian du Bidazik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko maiatzaren 19a
Bortziri, Txingudi eta Xaretako bazkideak ditu Bidazi Elkarteak. Bidazi

70 bazkide dira oraingoz, batez ere Bortzirietakoak (Lesaka, Etxalar, Igantzi, Bera, Arantza), baita Txingudi eta Xareta ingurukoak ere (Zugarramurdi, Sara, Senpere, Urdazubi, Oiartzun, Irun, Hondarribia...). Txingudin bazkide gehiagoren bila ari dira, biztanle anitz dagoelako, eta halako ekimenik ez. Gainera, Behobiatik 10 kilometrora baino ez dago azoka edo denda, Alkaiagako industriagunean (Beratik sartzen da poligonora).

Bertan, inguruko ekoizleen barazki eta jakiak eros ditzake bazkideak. Azoka ostiral eta larunbatero irekitzen da eta aurreko astean emaila igortzen zaie kide guztiei, ohikoaz gain sasoiaren arabera eskuragarri izango dituzten produktuen berri emateko. Hala, bazkideek aurretik egin dezakete eskaera, soberakinik geratu ez dadin.

Auzolanean egiten da dena, eta etorkizunean, bazkide nahikoa lortuz gero, azoka egun gehiagotan irekitzea eta langile bat kontratatzea da asmoa. Bazkide izateko 50 euroko sarrera-kuota ordaindu behar da eta hortik aurrera, 3 euro hilean. Urtean, 3 ordu eskaini behar dizkio bakoitzak elkarteari.

Ekonomia soziala

Irabazi asmorik gabeko elkarte asanblearioa da Bidazi. Ekonomia soziala bultzatuz, Bidasoaldea biziberritu eta pertsonetan oinarritutako kontsumoa sustatu nahi dute, “kontsumo eredu solidarioa, ekologikoa, arduratsua, ahal bezain lokala, kontzientea eta transformatzailea”.

Iruñeko Landare elkartea dute erreferentzia eta lagun, eta beste kontsumo talde batzuekin ere badute harremana, esperientziak elkartrukatzeko.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/Erosketean.jpg