2017ko otsailaren 17an Donostian egitekoa zen galdeketa bertan behera utzi du Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 2. epaitegiak, Carlos Urquijoren helegiteari bide eman ostean.
Zezenketen aurkako mugimenduak oraindik ez du adierazpenik egin. Eneko Goia alkateak ere Twitterren idatzi du gaiaz.
Oraintxe jakin dugu epaitegiek zezenketen herri galdeketa bertan behera utzi dutela. El juez suspende la consulta taurina. #donostia
— Eneko Goia (@enekogoia) 2016(e)ko irailak 27
Aurreko legegintzaldian, zezenketak bertan behera utzi zituten Bilduren gobernuak. Eneko Goiak hauteskundeak eta alkatetza irabazi ostean, zezenketak itzuli ziren hirira protesta artean. Herri partaidetza legeak ematen zuen aukerari esker, Donostia Antitaurina Orain plataformak 10.000 sinadura bildu eta Udalean aurkeztu zituen galdeketa bat egiteko eskatuz. Udala otsailaren 17an egitera konprometitu zen.
Maiatzean, Donostiako herri galdeketen araudia baliorik gabe utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, Espainiako Estatuaren abokatuak jarritako inpugnazioa onartuta. Eneko Goiak zezenketei buruzko galdeketa egingo zuela adierazi zuen, hala ere. Araudia baliogabetzearen aurkako helegiteak, berriz, ez du epai irmorik oraindik.
Orain, Administrazio Auzietako 2. epaitegiak aintzat hartu du Carlos Urquijok abuztuan aurkeztutako helegitea. Oraindik ebazpenik eman ez badu ere, epaitegiak onartu egin du helegiteak eskatzen zuen kautelazko neurria. Autoak dio Donostiako Udalak ez diola erantzun Urquijoren helegiteari, eta horren ondorioz oso zaila izango dela auziari buruzko epai irmo bat ematea kontsultarako aurreikusita zegoen data baino lehen.