Omicron aldaeraren zabalpenaren aurrean hartuko du neurria Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez presidenteak autonomia erkidegoetako presidenteei esan dienez. Ezohiko Presidenteen Konferentziara hainbat neurri proposamen eraman ditu Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak.
Pedro Sanchezek iragarri duenez, dekretu bat osatuko du Espainiako Gobernuak kalean ere maskara eramatea berriro ere nahitaezkoa izan dadin. Gerora, neurriari hainbat nabardura egin dizkio Sánchezen exekutiboak, hala, dekretuaren arabera maskara ez da derrigorrezko izango "kirola bakarka egitean edo naturguneetan kirolekoak ez diren jarduerak egiten diren bitartean, betiere 1,5 metroko gutxieneko distantzia mantentzen bada bizikide ez diren beste pertsona batzuekin".
Pandemiaren bilakaera aztertzeko autonomia erkidegoetako presidenteekin egindako bileran beste hainbat neurri ere proposatu ditu Sanchezek. Horien artean, osasungintzaren gainkarga arintzeko armadaren laguntza eskatzea. Besteak beste txertaketa lanetan arituko lirateke militarrak, eta ospitale militarrak osasun zerbitzura jarriko lirateke.
Osasungintzako lehen arretan oro har profesionalen kopurua handitzeko eta haien baldintzak hobetzeko plan baten beharra ere mahaigaineratu du Sanchezek.
Urkulluren neurri proposamenak
Bere partetik, Iñigo Urkullu lehendakariak ere hainbat neurri proposamen eraman ditu bilerara. Horietan lehena zen kanpoaldean maskara nahitaez erabili beharra. Gainerako neurrien inguruko erabakien berririk ez dute eman oraindik. Urtarrila amaitu arte ostalaritza, gizarte eta kultura jarduera guztiek gehienez 01:00etako itxiera-ordutegia edukitzea eta edukiera %60koa izatea ere proposatu du Urkulluk. Bestalde, zutik kontsumitzea debekatzea eta mahai inguruetan gehienez ere hamar laguneko taldeak elkartzeko muga ere proposatu ditu.
Eguberri bezperan eta jaiegunetarako ere ordutegi muga bereziak proposatu ditu lehendakariak. 2021eko abenduaren 24, 25 eta 31n eta 2022ko urtarrilaren 1, 5 eta 6an merkataritzako eta ostalaritzako gune eta zerbitzu guztiak 21:00etan itxi behar izatea ere proposatu du. Salbuetsita geratuko lirateke 2021eko abenduaren 24an eta 31n eta 2022ko urtarrilaren 5ean 23:30ak arte afariak emango dituzten jatetxeak, baina jantokiak ordu horretarako hustu beharko lituzkete.