argia.eus
INPRIMATU
Berriatuko osasun zentroa zabaltzearen alde agerraldiak egin dituzte hainbat herritarrek
  • COVID-19aren pandemiaren ondorioz martxoan itxi zuten Berriatuko osasun zentroak oraindik itxita jarraitzen du eta herrian osasun publiko zerbitzurik gabe daude ordutik. Duela astebetetik eta egoera salatzeko, asteazkenero agerraldiak egiten ari dira. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, azaroaren 23an zabalduko dute berriz osasun zentroa. 

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 12a
Joan den asteko eguaztenean, azaroak 4an, Berriatuan egindako protesta. Argazkia: Lea-artibai eta Mutrikuko Hitza

Osasunez larri dabiltzala salatu dute Berriatuko hainbat herritarrek, izan ere, martxoaz geroztik eta pandemiaren ondorioz, herriko anbulatorioa txi zuen Eusko Jaurlaritzak. Gobernuak larrialdi egoera deitu zuenetik ez dute herrian osasun zentrorik, eta badira dagoeneko zortzi hilabete lehen olatua jasan genuenetik. 

Herritarrek argi dute Jaurlaritzak azken urteetan osasun alorrean egin dituen politikaren ondorio izan dela Berriatuko anbultorioa itxieraren arrazoia. Osakidetzak gero eta aurrekontu gutxiago duela eta langileen murrizketa eta prekaritatea agerian uzten duen sistema publikoa eraiki duela leporatzen diote herritarrek Jaurlaritzari. Gainera, salatu dute herritarren aurrez aurreko zerbitzua okertzea baino ez dutela lortu horrekin. 

Protesta eta agerraldietan honako hiru aldarrikapen egiten dituzte: Berriatuko anbulatorioa zabaltzea, osasun langile gehiago kontratatzea eta osasungintzan inbertsio gehiago egitea. Berriatuko biztanleek argi dute ez dituztela murrizketa eta pribatizazio gehiago onartuko, "osasun sistema sendo bat beharrezkoa delako, bai Berriatuan eta baita beste lekuetan ere". 

Lea-artibai eta Mutrikuko Hitzak jakinarazi duenez, Berriatuko osasun zentroa azaroaren 23an zabalduko dute. Udalak zabaldu duen ohar baten bidez jakinarazi du, hilaren 23tik aurrera aurrez aurreko txandak izatea posible izango dela. Protokolo zehatz bat beteaz hasiko dira herritarrak zentrora joaten. Dena dela, herritarrek osasun publikoa defendatzeko mobilizazioekin jarraitzeko konpromisoa agertu dute.