Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.
Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean lehen pertsona, azkena, istorioak zeharkatuko duena. Istorioa zeharkatuko duena. Pertsona bat gure nahira. Gutar bat, ez gu, baina bai edonor. Alegiazko errelato baten subjektu erreala, zu izan zintezkeena, neurri batean bazarena.
Hutsetik sortzea ez da erronka makala, heldulekuak behar ditu. Helburuak, xedeak. Bestela nahigabean ateratzen diren burutazio ugariren nahaspila da. Ezin jakin zer, zergatik, zertarako. Nori hitz egingo dion. Nori.
Gatazka ostean dator, norbait horren nor xedatu behar denean. Edonor izateko lehenik norbait izan behar zara, xehetasun batek egiten du partikularra orokor. Baina ez da posible izaera marrazten hastea ez badira lehenagotik ezarri aldaezinak zaizkigun aldagaiak: herrialdea, herria, auzoa, kalea, posta kodea. Familia, abizena, genealogia. Klasea, klasea, klasea.
Nora? Horra hor gatazka. Zer bide hartu epeltasunetik ihes egiteko. Edo ihes ez egitea, bideetan zitalena
Zein da Euskal Herriko toki arruntena? Horkoa. Aita arotza? Ama Eroskiko ofizinetan. Zortzi abizen euskaldun? Gaztelarren bat tartean. Jaunartzea egin zuen, opariengatik. Maitasun mezuak idazten ditu gauerdian? Litekeena da ezetz, baina nahiko luke. Zer egingo luke bere laguna zipaio sartuko balitz? Nahiago du ez pentsatu. Abortuaren alde? Ez da Easo plazan jarriko klinika baten aurrean oihuka. Okupak gorroto ditu? Hurbilago dago etxegabetzetik. Gaztea? Gaztea, gaztea.
Aldaezina denetik haratago ere badago zer kontatu. Gertakizun bat, zeharkatzen zaituena. Aldatzen zaituena, aldarazten zaituena, ezinbestean. Norbait, zerbait. Zurbiltzen zaituen hura, tokian gelditu baino bultzatzen zaituena. Nora? Horra hor gatazka. Zer bide hartu epeltasunetik ihes egiteko. Edo ihes ez egitea, bideetan zitalena.
Hark kontatuko du kontatzeko dagoen hori. Ahots baten baitan hamaika. Errealitate batean topo egiten duten errealitateen pare. Zenbat bider kontatu behar duen istorio berdina, ez du axola. Hura, ez da aitzakia, hura baliabidea da. Ispilua, kasik.
Hau zutabea baino zimendua da, hurrengo alea eutsiko duena, oinarria lur azpian. Karga jasotzen duena. Berritu ala hil. Bizi ala iraun. Abiapuntua prest, esatekoak egon beti baitaude hor, ezinbestean. Ahots kordak berotzeko ariketak, hatz mamiak teklak laztantzen. Izena falta zaio, ez besterik.