argia.eus
INPRIMATU
Berriozarren ospatuko du Askapenak 30. urteurrena
  • Hiru hamarkada bete ditu Askapenak. Hasierako helburu eta indar berdinarekin jarraitzen du taldeak, eta 30. Urteurrena ospatzeko egun osoko jaia antolatu dute, Berriozarren, Nafarroan.

     

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko urriaren 6a
30.urteurreneko egitaraua (Argazkia: @Askapena)

Goizeko hamaiketatik hasita egitarauaz gozatzeko aukera izango da. Besteak beste, hitzaldiak, bazkaria, elektrotxaranga eta kontzertuak izango dira. Bide Bakarra eta Sorkun arduratuko dira gaueko kontzertuetan giroa jartzeaz. Lehenago, Che Guevara omenduko dute, bere heriotzaren 50. urteurrenarekin bat eginez. Mundu osotik jaso dituzte sostengu mezuak, festarako dei eginez eta elkarteari elkartasuna adieraziz.

1987an sortu zen Askapena, internazionalismoaren aldeko borroka ardatz hartuta. Nikaraguako Sandinisten garaipena funtsezkotzat jotzen dute ekintzaileek taldearen sorreran; Euskal Herriko internazionalistak batzea eragin zuen. Ordutik, mundua asko aldatu den arren, helburuak berdina izaten jarraitzen du: herrien burujabetza.  

Bidea ez da izan erraza, mehatxuak eta oztopoak gainditu behar izan dituzte. Nabarmenena 2010ekoa: Espainiako Poliziak zazpi ekintzaile atxilotu eta horietatik bost kartzelaratu egin zituzten “ETAren nazioarteko frontea” izatea leporatuta. Bost urtera guztiak absolbitu zituzten.