argia.eus
INPRIMATU
Berriobeitiko Udalak Ezkabako eraikuntza egiteko baimena ukatu die militarrei
  • Aitzoaingo tiro eremuan ari dira eraikitzen lau pisuko eraikuntza. Berriobeitiko Udalaren baimenik gabe egiten ari ziren lanak eta honek orain obrak gelditzeko agindua eman du.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 26a
Aitzoaingo tiro eremuan militarrak egiten ari diren obrak. (Arg.: ARGIA)

Agindua berandu iritsi da, dena den, eraikina ia egina dago eta. Bigarren solairua altxatzen hasi zirenean ohartu ziren inguruko herrietan eraikinaz, udalak ez baitzuen horren berririk. Gerora, udalaren txosten tekniko batek esan du lur horiek ez direla urbanizagarriak.

Julian Bator Navarra Sumako alkateak adierazi duenez, udalak Espainiako Defentsa Ministerioari iragan abuztuan eskatu zion azaltzea zergatik egiten ari ziren eraikina, baina ministerioak ez duenez ezer erantzun horretarako jarritako epean, obra gelditzeko agindua eman du.

Eraikuntza egiteaz gain, militarrek udalari eskatu diote tiro poligonoa eta beste eremu zabal bat hesitzeko baimena, baina udalak ukatu egin dio argudiatuz, lur horiek ez direla militarrenak.