Enpirikoki frogatuta dago politika kulturaletan egindako lanagatik ez direla hauteskundeak irabazten: nekez salba dezake kudeaketa eskas samar bat film on batek; nekez ken dezake lehendakari bat desgaraian jotako akorde batek. Agian horregatik gai horietan bereziki interesatuta gaudenok legealdi berri bakoitza hasten denean pentsatzen dugu, apustu arriskatuxeagoak egin ahalko liratekeela alor horretako aurrekontuetan agintegintzako beste adar batzuetan baino. Baina iristen da legealdiaren amaiera, tokatzen da azken lau urteetako errepasoa egitea, eta balantzea egitean ateratzen zaizun berba bakarra honakoa da: kontinuista.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburu izendatu zutenean zenbait pista eman zituen bere lan-ildo nagusiez. Hedabide honetan “Guggenheim bariazioak” deitu genion orduan jo zuen piezari, izan ere, 1997an Bilbon martxan jarri zen museoak ekarritako logikari –kultura kapitalismo post-industrialaren zerbitzura, hirien logika ekonomiko berriaren motor bihurtuta– arpegio berri bat erantsi baitzion: kultura kontsentsurako tresna ere bihurtzeko gogoa, behin Euskal Herriko gatazka armatua amaituta eta –hala zirudien 2016ko amaieran– ekonomia krisia gainditzen hasita.
Horrelako zerbait bilatu du sailburuak eta aitortu behar zaio komunikatiboki legealdi honetan gol batzuk sartu dituela. Kazetaritzan urte luzetako esperientzia duen norbait da, ongi daki zer bai, zer ez, noiz, nola eta norekin. Eta EAEko ofizialismoak aspalditik ongi zaintzen dituen ebento eta azpiegiturei zentraltasunik kendu gabe –Zinemaldia, Guggenheim, Artium, BBK Live...–, orain arte orbita jeltzaletik kanpo zeuden eremuetan ere ikusi ahal izan dugu, gaur halako kontzertutan, bihar halako antzezlanetan, aukera izan duen bakoitzean bertako sortzaileen maila goraipatuz. Euskal kultura gertutik jarraitzen duen norbaiten irudia proiektatu du. Mezua da Jaurlaritzan badagoela kulturaz arduratzen den norbait.
Prekarietatea, prekarietatea, prekarietatea
Kontua da, batzuk saiatu arren, ez dirudiela oraindik kulturan lan egiten duen jendea “soldata emozionala” bezalako kontzeptuak sinesteko dagoenik eta, beraz, artistek sailburuaren txaloak gustura entzungo zituzten arren, hau irakurtzen ari zaren momentuan euren egoera are prekarioagoa da duela lau urte baino, COVID-19aren aurkako neurriek programazio guztiak hankaz gora jartzearekin batera askoren lanpostuak pikutara joan baitira.
Baina pandemiak egoeraren parte bat bakarrik esplikatzen du. Bestea, sektoreko langileek izurrite globalaren aurretik bizi zutena, politika egiteko modu jakin baten fruitua da: lan artistikoren bat profesionalki egin nahi izanez gero, diru-laguntza deialdi batetik bestera jauzika ibiltzea da aukera bakarra gehienentzat, eta horrek dakarren ziurgabetasun-egoera kontuan hartuta, ez da harritzekoa jende asko bidean geratzea. Zerbitzu kulturaletan ere, azpikontratazioak eta prezio baxuenaren legeak agintzen dute –Ubikeko bitartekarien greba bezalakoek edozein arduradun lotsatu beharko lukete, baina ez da hala–, eta baldintzak estutzearen estutzez, sektore oso bat, euskarazko bikoizketan ziharduten aktoreena, desagertzeko zorian dago.
Kulturgintza prekarietatetik ateratzera bideratutako politikarik ez dugu ikusi legealdi honetan. Tokitan dago Frantziako Estatuko artisten intermitentzia-erregimena, zeinak, perfektua izatetik urrun badago ere, oinarri sendoago batzuk ematen dizkien sortzaileei. Eta ez dirudi epe laburrean EAEn ikusiko dugunik Galiziako zinema berriaren fenomenoa sortzeko giltzarria izan zen sortzaileentzako diru-laguntza zuzenen eredua ere. Beste hainbat adibide ere jar daitezke, ikusteko gauzak beste modu batzuetara eginez emaitzak ere diferenteak izan daitezkeela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan perspektiba berrien gabezia handi samarra da, ordea.
Dena aldatzen ari da, politika kulturalak izan ezik
Eta horrek zer pentsatua eman behar luke. Kulturaren mundua oso azkar aldatzen ari da eta gaur galdutako trenek bihar konpontzen zailak izango diren problemetan sar gaitzakete. Plataforma digital multinazionalen eskaintza gogor sartu da guztion etxeetara azken hamarkadan eta konfinamenduan are nabarmenago ikusi dugu: pantailatik desagertzen ari den kultura da Euskal Herrikoa –zer esanik ez euskalduna–.
Egoera hori ez da halabeharraren fruitua. Jaurlaritzak kale egin du maiz, adibidez 2017an, Filmin plataforma kataluniarrak –zeinak erakutsi duen AEBetako atariekin gauza batzuetan lehiatu dezakeela– euskarazko kanal bat sortzeko eskaini zionean. Ezetz erantzun zioten Gasteiztik eta enpresak bere kabuz moldatu du azkenean euskal eskaintza hiru urte geroago: deigarria izan da atzerriko enpresa pribatu bat EAEko Gobernuari aurrea hartzen ikustea. Zer egin ez dakien eta ezer ez egitea erabakitzen duen norbaiten erretratua da.
Kultura ulertzeko modua hainbeste transformatzen ari den garai batek aldaketaren pultsua hartzen saiatuko diren politikak eskatzen ditu. Azken lau urteetan ez da halakorik ikusi eta debate handirik eragin gabe pasa da: oposizioak ere argi dauka kontu hauekin ez duela hauteskunderik irabaziko. Albiste txarrak, COVID-19aren ondorenean marrazten ari den lehentasunen berrantolaketari begira.