argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azokaren aurtengo berrikuntzak: bi gune berri, gaueko saioak...
  • Durangoko Azokako egitaraua aurkeztu dute asteazkenean. Inoizko oparoena izango da zenbakietan, gainera, gaueko saioak eta bi gune berri iragarri dituzte: podcastei lotutako Berbagailua eta arte ederrei buruzko Atartea.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko azaroaren 20a
@durangokoazoka

Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 60. edizioa, eta asteazkenean aurkeztu dute egitaraua. Zenbakietan, inoizko oparoena: 285 erakusmahai; 175 partaide; 1.026 kultur nobedade, horietatik 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpenak; eta 273 ekitaldi. Hala ere, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak ez du datu hori goraipatu nahi izan, eta nabarmendu du urtez urteko ibilbideak erakusten duen argazki orokorra garrantzitsuagoa dela.

Bi gune berri, eta gauean jarraipena

Aurtengo edizioak izango dituen zenbait berrikuntza plazaratu dituzte Durangoko Museoan egin duten prentsaurrekoan. Horien artean, bi gune berri izango direla iragarri dute: podcastei lotutako Berbagailua izango da bata, eta arte ederren inguruko Atartea bestea. Horrez gain, jakinarazi dute, lehen aldiz, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango duela. Gaueko saioak izango dira Ahotsenean, Szenatokian eta Talaian. Bertan, kontzertuak, errezitaldiak, ikuskizunak edo emanaldiak egingo dira.

Azokaren leloan eta kartelean ere berrikuntzak izan dira. Alde batetik, leloa urtero aldatu ordez, geratzeko etorri dena aurkeztu dute: “Kulturaren Jaialdia”. Bestetik, kartel tradizional baten ordez, iruditeri oso bat sortu du Iratxe Reparaz artistak: “Unibertso infinitu bat”. Antolatzaileek azpimarratu dute berrikuntza guzti horiek ez direla urtemuga borobilaren aitzakiapean egiten, baizik eta “urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean” jarri dutela arreta.

Garraioa eta ordutegia

Ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko du Durangoko Azokak aurten ere. 10:30ean irekiko dute Landako gunea egunero, eta 20:00etan itxi. Edonola ere, astelehenean —azken egunean, alegia—, 18:00etan itxiko dituzte ateak. Bestalde, bertaratzeko garraioan hobekuntzak iragarri dituzte: Euskotrenek maiztasuna handituko du Durangaldeko herrietatik; beraz, inguruko herrietan autoa utzi eta trenez hurbiltzeko aukera hobetuko da. Gainera, gaueko zerbitzua ugarituko du Euskotrenek; abenduaren 5, 6 eta 7ko gauetan tren zerbitzuak egongo dira.

Aldarri ugari

Aldarri politikoak ere ez dira faltako azokan. Palestinar herria oso presente izango dutela adierazi dute antolatzaileek, eta elkartasuna adierazteko geldialdia egingo dute abenduaren 7an 14:00etatik 14:30era. Tarte horretan ez da aurkezpenik izango, eta elkarretaratze bat egingo dute Landako plazan. EHE Euskal Herrian Euskaraz egitasmoak manifestazioa egingo du abenduaren 6an, Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean. Bestalde, urtero bezala, Durangoko Azoka Autogestionatua ere antolatu dute hainbat eragilek, “mainstreamaren eta itxurakeriaren aurrean material politiko eta ez komertziala sustatzeko”.

Puntu moreak ezarriko dira, indarkeria matxistaren aurkako protokoloari jarraiki. Landako Guneko Info puntua eta txapa morea soinean eroango duten guneetako antolatzaileak izango dira puntu more horiek.