argia.eus
INPRIMATU
‘Berria’-ko langileek euren elkartasuna adierazi diote ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzi
  • Berria egunkariko langile batzordeak ere oharra kaleratu du. "Gure elkartasuna adierazi nahi diegu ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzi eta ARGIA taldeko langileei", dio agiriak.

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 23a

"Ozen salatu nahi dugu Donostiako Aske Gunean, apirilaren 19an, Ertzaintzak Lander Arbelaitz kazetariarekin edukitako jarrera oldarkorra, bortitza eta neurrigabekoa", darrai oharrak: "Ertzaintzak Arbelaitzen kazetaritza lanerako eskubidea zanpatu zuen, nahiz eta Arbelaitzek behin eta berriz adierazi lanean ari zela, alegia, kazetaritzaren funtzio soziala egiten ari zela. Kazetaria zela jakinarazi zuen, ertzainek ederki entzuteko moduan, kazetari karneta erakutsiz une oro. Hala ere, jo, zanpatu eta bihurritu egin zuten, eta indarrez eraman Bulebarreko kioskora".

Berria-ko langileek "ozen" salatu nahi dute, era berean, Ertzaintzak Bulebarreko kioskoa "kazetarientzako itxitura" bihurtu izana, "adierazpen askatasuna mugatuz".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzari "exijitzen" diote aitor dezala ertzainek "onartezinezko jokabidea" eduki zutela Lander  Arbelaitzekin; "barkamena eska diezaiola emandako tratuagatik; barne ikerketa bat zabal dezala gertatutakoaren arduradunak aurkitzeko; eta berma dezala ez duela berriro urratuko adierazpen askatasuna".