Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu gehienak klimatizatuko dituztela 2026 amaierarako. ARGIAk elkarrizketaturiko bi erizain laguntzaileek nabarmendu dute premiazkoa dela banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izatea.
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko langileek eta pazienteek hamar urte baino gehiago daramatzate ospitalean aire girotua instalatzeko eskatzen. “Haserrea”, “nekea” eta “frustrazioa” dira, besteak beste, aferak eragindako zenbait emozio. Urtez urte kexak eten ez diren arren, muturreko bero boladak piztu egin du auzia. M.S.G eta N.O.A Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko erizain laguntzaileek salatu dute beroa “jasangaitza” dela eta arreta “urria”. Kontatu dute gela batzuetan 30 gradu izatera iritsi direla. Aspalditik aldarrikatzen dute banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izateko neurriak hartu behar direla.
Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu “gehienak” klimatizatuko dituztela 2026ko amaierarako. M.S.G eta N.O.A adierazpenekiko mesfidati dira. Esan dute aldaketak ikusi arte ez dutela sinistuko. Haserre mintzo dira gaiaz, eta gogorarazi dute datorren udan arazoak berdin jarraituko duela. N.O.A langileak, egun aire girotua dagoen solairu batean lan egiten du, baina urteak eman ditu Bideko Ama Birjinaren Ospitaleko seigarren solairuan lanean: “Infernu bat da hor pazienteek eta langileek bizi dutena. Haizagailuak jartzen ditugu, baina deus gutxi egiten dute”. Gaineratu du gelak “oso txikiak” direla, komunak ez direla irisgarriak eta partekatutako gelak direnez beroa pilatzen dela: “Lotsagarria da, norbait erortzen bada eta garabiarekin altxatu behar badugu, ez dago modurik”.
"Kasu batzuetan, osasun egoera okertu eta ZIUan amaitu dute. Bero kolpeagatik hil diren pazienteak ere ezagutu ditugu"
Bat egin du horrekin M.S.G langileak. Aurten ez zaio udan lan egitea tokatu, baina lankideekin mintzatu da, eta “oso gogorra” izan dela kontatu diote. Argi utzi du aire girotua ez dela apeta bat, baizik eta “behar handia”. Izan ere, seigarren solairuan dauden paziente asko zaharrak dira, ezin dira ohetik sobera mugitu, fardela erabiltzen dute eta ezin dutenez urik edan gelatina moduko bat ematen diete hidratatzeko. Hori dela eta, ez daukate horrenbesteko autonomia nahi beste dutxatu ahal izateko edota freskoago dagoen zonaldeetara joateko. “Beroak eragin negatibo nabarmena dauka pazienteen arretan eta osatze prozesuetan. Udako oporrak hartu baino lehen, paziente bat izan nuen beroarengatik begiak ireki ere ezin zituenak ”, aitortu du.
Pazienteenganako kezka handia nabarmendu dute biek. Sentitzen dute arreta txarra dela, eta ospitaleak ez dituela egonaldi on bat eskaintzeko baldintzak betetzen. “Osasuntsu gaudenoi eragiten badigu beroak, pentsa ingresaturik daudenei. Apaltzen dira eta energia eta jateko gogoa galtzen dute. Kasu batzuetan, osasun egoera okertu eta ZIUan [Zainketa Intentsiboetako Unitatean] amaitu dute. Bero kolpeagatik hil diren pazienteak ere ezagutu ditugu”, esan du N.O.Ak.
Azken urteetan zenbait neurri hartu dituzte pazienteen eta langileen baldintzak hobetzeko, baina M.S.G.ren ustetan, berandu eta soilik zerbait larria gertatu ostean hartu dira: “2023an adibidez, H2 zonaldeko gelak banakakoak izatera pasa ziren aurreko urtean pertsona bat hil zelako beroarengatik, eta familiak salaketa jarri zuelako”.
Hezkuntza eta osasuna indartzeko premia
Pazienteak ez dira beroa pairatzen duten bakarrak, langileengan ere eragin handia dauka. Kontrol gelan aire girotua duten arren, toki batetik bestera ibili behar dira, eta lan bolumena handitzen dela dio M.S.G.k: “Ahalik eta hobekien lan egiten saiatzen gara, baina beroarekin gehiago kostatzen zaigu kontzentratzea eta gauzak ongi egitea. Horrek eragina dauka arretan. Badira lipotimiak izan dituzten lankideak ere ”. Lipotimia bat da bat-bateko eta askotan iragarri gabeko tonu galera edo ahulezia. Sarri, baina ez derrigor, konorte galerekin batera doa.
Argi adierazi dute horrelako baldintzek pazienteen zein langileen osasuna arriskuan jartzen dutela. Horregatik, bi solaskideek nabarmendu dute hezkuntza eta osasun publikoa indartu beharra dagoela. Sentitzen dute Nafarroako Gobernuak zerbitzu horiek “narriatzen” ari dela.