argia.eus
INPRIMATU
Bernedoko udalekuari zigor espedientea ireki dio Arabako Diputazioak
  • Aurrez jakinarazi bezala, espedientea zabaldu diote Sarrera Euskal Udalekua elkarteari. Araudiaren bi baldintza ez betetzea leporatu diote: batetik, Arabako Foru Aldundiari aurrez jardueraren berri ez emateagatik, eta bestetik, administrazioaren ikuskapen funtzioak "errazteko betebeharra ez betetzeagatik", alegia, eskatu zitzaion dokumentazioa emateari uko egiteagatik.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko azaroaren 4a

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek eman ditu zigor espedientearen inguruko azalpenak, PPk eskatuta astelehenean Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Adierazi du udalekuetako gertakarien berri pasa den irailaren 15ean izan zutela, guraso batek plazaratutako gutunagatik. Jarduera hura "sekula" ez dela Arabako Diputazioan erregistraturik egon gaineratu du, eta Gazteria Sailari ere ez zitzaiola jakinarazi. "Jarduera ezezaguna zen", esan du Gonzalezek.

Euskal Udalekuak ez zirela "egin diren moduan" egin behar azaldu du ahaldun nagusiak, familiek 21 salaketa jarri dituztela aintzat hartuta. Hasiera-hasieratik Arabako Diputazioaren lehentasuna familiei arreta ematea izan dela dio, udalekuetan sortutako egoera ezagutu eta instituzio bati dagokion erantzukizuna hartzea, "betiere adingabeen interes gorena kontuan hartuta".

Koordinazioa hobetzea helburu

Bestalde, Gonzalezek azaldu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak, Eudel eta Eusko Jaurlaritza lanean hasi direla, aisialdiko jarduera pribatuen (ibilaldi, kanpaleku, aterpetxe...) arloan "koordinazioa eta kontrol mekanismoak hobetzeko". Aipatu erakundeek mahai tekniko bat sortu dute, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren gidaritzapean, eta lehen bileran irizpideak eta erritmoak bateratzeko neurriak hartu dira, EAE osoan "esparru argia, homogeneoa eta aplikagarria" izan dadin.