argia.eus
INPRIMATU
Bermeoko atunontziko arrantzale bat hil da, aurten hildako 33. langilea
  • Bermeoko Txori Gorri atunontziko arrantzale bat hil da lan istripu baten ondorioz eta beste lagun bat zauritu da Indiako Ozeanoan. Asteazkenean 12:00etan elkarretaratzea egingo dute sindikatuek itsasontzi horren jabe den Inpesca enpresaren aurrean, "langileek pairatzen duten lan-prekarietatea salatzeko, hori baita lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen atzean dagoen arrazoi nagusia".

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 23a

Inpesca enpresako itsasontzia Victoriako portuan dago, Seychelleetan, eta, antza denez, istripua gertatu zenean ur nahasietan ari zen arrantzan. ELA sindikatuak istripuaren nondik norakoak argitzeko eta erantzukizunak argitzeko eskatu du: "Arrantza-sektoreak ezbehar-tasa oso handia jasaten du, bai jardueraren beraren ondorioz, bai lan-istripu bat izateko erraza den lantokiaren ondorioz. Gainera, Prebentzio Legea ez da askotan betetzen, eta destajuz egiten da lan, karga handiekin eta oso baldintza txarretan ekipo arriskutsuekin. Prebentzioa eta bizitza lehenetsi behar ditugu onura ekonomikoen aurretik, eta erakunde publikoek eta gobernuek ildo horretan lan egin behar dute laneko segurtasun eta osasunaren arloko ez-betetzeen jarraipena eginez, baita arrantza-sektorean ere".

Euskal Herrian 33 langile hil eta bi desagertu dira aurten

Lan istripuan 33 langile hil dira dagoeneko Euskal Herrian aurten. Datu latz honi gehitu behar zaio Zaldibarko zabortegian desagertuta jarraitzen duten bi langileena.