Forza Italia, Fratelli d’Italia eta Liga Norte alderdi xenofoboa koalizioan aurkeztuko dira datorren martxoaren 4an egingo diren hauteskunde orokorretara.
Bost urteko legealdian hiru lehen ministro pasa dira zentro-ezkerreko Alderdi Demokrataren gobernutik, Enrico Letta, Matteo Renzi eta Paolo Gentiloni. Bost urtekoa gaindituta hauteskundeetara deitu zuen iragan abenduan Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak. Eskuineko alderdiek iragarri dute koalizioan aurkeztuko direla.
Silvio Berlusconi (Forza Italia), Matteo Salvini (Liga Norte) eta Giordia Melonik (Fratellei d’Italia), lau bat orduz egin zuten bileraren ondoren iragarri zuten, koalizioan aurkeztuko dela Italiako eskuina datorren martxoaren 4ko hauteskundeetara.
Koalizioaren nondik norakoak ordea oraindik guztiz zehaztu gabe daude. Datorren astean berriz elkartzekoak dira alderdietako ordezkariak, bertan, hautagaien, hauteskunde programaren eta hauteskunde estrategien inguruko xehetasunak adosten saiatuko dira. Oraindik hautagaia zehaztu gabe badago ere, Berlusconiren alderdiak kanpaina bat abiatu du “Berlusconi presidente” izenekoa.
Hauteskunde kanpainan zentraltasun handia hartu lezake Silvio Berlusconik, nahiz eta momentuz ezin duen hautagai izan, iruzur fiskala dela eta ezin baitu inolako kargu publikotan jardun. Kargu publikoa izateko debekua Italiako auzitegiak ezarri zion. Sententzia hori errekurritu zuen Berlusconik Europako Giza Eskubideen auzitegian, orain sententziaren zain dago. Ez da espero ordea martxorako sententzia argitara ematea Estrasburgoko epaitegiak. Inkesten arabera irabazteko faboritoak dira eskuindarrak. Botoen %36 jasoko lituzke koalizioak. Bost Izarreko mugimendua izango litzateke bigarrena, botoen %30 eskuratuta.