Eskuin muturrak huts egin du 'Alemaniaren etorkizunerako manifestazioa' izendaturiko martxarekin milaka pertsona biltzeko helburuan, eta ideologia xenofobo eta arrazistaren kontrakoek boterean gainditu dute.
Angela Merkel kantzilerraren migratzaileei harrera egiteko politiken kontra, mezu arrazista eta islamofoboak haizatuz, 4.000 pertsona inguruk parte hartu zuten Alemaniarentzako Alternatibak (AfD) igandean Berlinen deitutako manifestaldian. Hiriko erdigunera hurbildu ziren, hainbat talde antifaxistek deituta, ideologia arrazista eta xenofobo horren kontrako 20.000 pertsona ere. Askatasunaren eta giza eskubideen aldeko aldarriekin eta indar erakustaldi betean, kontramanifestazioak Alemaniarentzako Alternatibak deitutako martxa blokeatzea lortu zuen.
Bi manifestazioek bat egingo zutela jakinik, polizia inguruetara hurbildu zen batzuk besteekin topo egitea eragotzi asmoz. Gas negar-eragileak erabili zituzten zenbait pertsonei barrera poliziala zeharkatzea eragozteko.
Alemaniarentzako Alternatiba-k, manifestazioan erakutsitako aldarri eta kontsigna berberak erabiliaz, Bundestag-ean sartu eta hirugarren indarrean bilakatzea lortu du, aulkien %12arekin.