argia.eus
INPRIMATU
Bergarako gaztetxean egin dituzten lapurretak gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute
  • Bergarako kartzela zaharrean lapurtzera sartu dira, bosgarren aldiz azken hilabeteotan, eta “nahiko da” esateko elkarretaratzea deitu dute gaztetxean diharduten kolektiboek.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 08a

Gaiari soluzio eraginkor eta kolektiboak aurkitzea ez da erraza, diote, argi dutelako: “Konponbidea ez da polizia gehiago jartzea edota arma kopurua handitzea. Gauzak beste modu batean egin daitezkeela sinetsi eta defendatzen dugu. Segi dezagun gure espazioak babesten, komunitatea eraikitzen, konponbideak batera aurkitzen, eta bide bazterrean inor ez lagatzen”.

Mila kontu sortzen jarraitzeko gogoz

Kartzela zaharreko proiektuak herriarenak direla gogoratu dute, “herritarrek osatzen baititugu bertako egitasmo, kolektibo eta lan dinamikak: Txapa irratia, Martxanterak, Kopla barik bertso eskola, Gitarra taldea, Diynamo zinekluba, Maijoku, JAU haur eta guraso asanblada, Angiolillo liburutegia, Xaxau...”. Hala, nahikoa dela esateaz gain, “herriko txoko honetan mila kontu sortzen jarraitzeko daukagun gogoa eta indarra” ere erakutsi nahi dute elkarretaratzean. “Kartzela zaharra askatasun gune bilakatzen jarraituko dugu, eta beti izango ditu ateak zabalik lan egin nahi duen edonorentzat”.

Ostegun honetarako egin dute deialdia, arratsaldeko 19:00etan, Bergarako San Martin plazan.