argia.eus
INPRIMATU
Bere askatasunaren alde sinatu den manifestua eraman dio LABeko ordezkaritzak Rafa Diezi espetxera
  • 2009ko urrian atxilotu zituzten Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia eta Bateragune auziko beste kideak. 2015 eta 2016an askatu zituzten gainerakoak, baina aurreikuspenen arabera, Diez 2017an geratuko da libre. LABeko ordezkaritza El Duesoko espetxera (Santoña) hurbildu zen igandean eta pertsona talde zabal eta anitzek bere askatasunaren alde sinatutako manifestua eraman zioten Diezi.  

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 17a
Bere askatasunaren alde sinatu den manifestua eraman dio LABeko ordezkaritzak Rafa Diezi. (Arg.: naiz.info)

Bateragune auzian atxilotutako zortzietatik Rafa Diez da espetxean jarraitzen duen bakarra. LAB sindikatuak adierazi duenez, “ordaindu behar izan duen prezioa oso handia izan da, bidegabekeri honekin amaitzeko ordua da”. Hori dela eta, ‘Rafa gure artera’ izeneko manifestua aurkeztu zuen sindikatuak urriaren 13an Donostian.

Agirian azaltzen denez, “ezinezkoa da jada Bateragune kasuan egindako kaltea osatzea, baina arrazoizkoa dirudi etorkizunerako aukera berriak ireki daitezkeela pentsatzea”. Horren harira, Zigor Kodeko 579,4 artikuluaren aplikazioa eta Rafa Diez Usabiagaren berehalako askatasuna eskatu  dute manifestuan.

Sostengua erakutsi dutenen artean daude, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibil ohia, Xabier Arzallus EAJren EBBko presidente ohia, Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia, Josu Onaindi CCOOko idazkari nagusi ohia eta Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia.