argia.eus
INPRIMATU
barra warroak
Berandu zabiltza
Behe Banda 2025eko ekainaren 16a
Behe Banda

Oporretan nago baina oraindik ez dut zutabea hasi. Oporretan nago baina nire gelak ez du igarri. Oporretan nago eta etxeko hautsa ez da mugitu. Oporretan nago eta topaguneko kanpin dendak lokatzez beteta jarraitzen du egongelan. Oporretan nago baina nire agenda ez da konturatu.

Bigarren batxilergoaren lehenengo egunean, matematikako irakaslea urtero iristen da ikasleei dagoeneko berandu dabiltzala esanez, horrela agurtzen gaituzte beti oporrek, mehatxuz: “Berandu zabiltza!”

Gauza gehiegi egin behar dituzu, bai, behar. Batetik, urte osoan egin ez duzun hori: kristalak garbitu, Mugi txartela berriztu, hautsa kendu, apunteak ordenatu, neguko arropa gorde (zertarako?), argazkiak ordenagailura pasatu, gmail-a garbitu, lagun horrekin geratu, medikuarekin geratu, garuna berreraiki eta kaktusa ureztatu. Bestetik, oporretan zaudenez egin beharrekoak: hondartzara joan, lagunak badoaz, zu ere bai, eguzkitan kiskali edo krema artean urtu, ez dezatela esan oraindik banpiroa dirudizula, mendira joan, euskal herriko txosna guztiak probatu, badaezpada, ea anekdota hori orduan gertatuko den. Gauari ahalik eta ordu gehien ebatsi, oraindik gertatu ez den hori gertatuko delakoan, badaezpada, baina lo egin, gero egingo ez duzulako, badaezpada.

Oporretan bi arau daude (niretzat): deskantsatu eta ez deskantsatu. Deskantsatu bizitzak nekatu zaituelako eta ez deskantsatu ez daukazulako deskantsatzeko denborarik. Ze zuk ikasi, lan egin eta hautsa kentzen duzu, ikasi, lan egin eta hautsik ez kentzeko. Zure egunerokoa ez zaizu gustatzen, edo apur bat gustatzen bazaizu ez zenukeen horrela egingo: hain azkar, hain estropezuka. Eta zure egunerokoa gustatzen ez zaizunez oporrak gustatu behar zaizkizu. Nahi duzuna egin ahal duzunean ere ganbarara eta bilerara eta bankura ze munduak ez du deskantsatzen. Ulertu didazue.

"Oporretan bi arau daude (niretzat): deskantsatu eta ez deskantsatu"

Baina nik ez dut nire burua ulertu. Gaur amama eta aititeren etxera joan naiz bazkaltzera, jan eta joan. Galdera bakoitzaren ondoren “zer?” galdetu behar izan dut. Buruan handik korrika irtetean egin beharrekoak nituen: motxila (hasi eta) amaitu, supermerkatutik pasa, zutabea amaitu, bilerara joan, kotxea hartu, Mutrikura amonari bisitan joan. Baina hori guztia baino lehen medikuarenean urteroko hitzordua.

Noan bakoitzean esaten dit medikuak, “urduritasunagatik izango da, azterketak amaitzean pasako zaizu”, baina amaitu dira eta gorputza ez da ohartu. Dermatitisak azalean marka uzten jarraitzen du, tripako minak ez dira baretu eta insomnioa gauero oheratzen da nire ondoan. Ez, ez dira ibuprofeno bat hartuta edo Activia bat janda desagertuko, sendagaia beste bat da baina ez naiz gai hartzeko kulpa sentitu gabe.

Egun bat, noizean behin, ez oporretan bakarrik. Ideiak argitzeko, pentsatzeko, lo egiteko, irakurtzeko edo ezer ez egiteko. Nik ez dut horrelakorik egiten. Egun bat libre izan eta betetzeko beharra sentitzen dut, hutsunea badago baietz esateko. Nola izango naiz ni ezer egiten ez duten horietakoa? Ezin dut, egin behar dut, egin ez dudalako. Hilko naizenean zer gogoratuko dut, egindakoa edo egin gabekoa? Zer egingo dut ezer egingo ez badut?

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ezer ez egiten ere irakatsi beharko ligukete, gorputzaren mugak gainditu baino lehen. Noizean behin. Ez sentitu. Ez pentsatu. Ez ekin.